Andoni Urbistondo.
Bosgarren Hiribidetik

Hollywoodeko alfonbra gorria

2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
NBAko Oscar sariak. The Artist film sarituak adina prentsa orri eta irrati uhin bete ditu Jeremy Lin estatubatuar-taiwandarrak, eta erratzeko beldurrik gabe esan daiteke NBAko Oscar sari nagusia harentzat izan dela. Hollywoodeko film arrakastatsu bateko gidoi perfektua izango litzatekeelako, AEBetan hain gustukoak dituzten istorioak. Denei aukerak ematen dizkien gizarte eskuzabala, gutxien dutenak asko lortzeko errazten duen jendartea. Jeremy Lin NBDL Garapen Ligan jokatzen ari zen, eta, bat-batean, New York Knicksek fitxatu zuen hamar egunerako. Carmelo Anthony izarra lesionatu zen, eta, taldea emaitza krisian murgilduta, Mike D'Anthony entrenatzaileak Lini aukera ematea erabaki zuen. A ze zalaparta! 28 puntuko batez bestekoak lehen astean, eta hiriko sentsazio berria. Urte osorako kontratua sinatu zuen Linek, 726.000 dolarren truke (550.000 euro). Huskeria, Hollywoodeko alfonbra gorritik pasatzen direnek jasotzen duten soldataren parekoa. «Ez dakit zein den Jeremy Lin», esan zuen Kobe Bryantek oilartuta, New Yorken aurka jokatu ostean. Saskiratze erabakigarriak sartu zituen Linek Lakersen aurka, eta orain mundu guztiak ezagutzen du. Baita Hollywoodeko gidoilariek ere.

Martxoaren 15a. Egun horretan bukatuko da jokalari aldaketak egiteko aukera, baina egunak eta asteak daramatzagu molde eta tamaina guztietako zurrumurruekin. Los Angeles Lakerseko Pau Gasol dago, gehienetan. Chicagok nahi omen du, eta, trukean, Boozer eta Watson emateko prest dago. Houston ere jokoan omen dago, eta, dantzan, Scola eta Lowry. Torontok ere Calderonen kontratu oparoa gainetik kendu nahi omen du —hamar milioi dolar urteko, 7,6 milioi euro inguru urteko—, eta asko eskatu gabe. Howard ere New Jerseyn dago egun batean, Bostonen hurrengoan, eta San Frantziskon bihar. Golden State Warriorsek Ellis jarri du balantzan, NBAko saskiratzaile nagusietakoa, eta nahasketa sekulakoa da. Interes franko daude, eta edozer gauza gerta daiteke. Hollywoodek pagotxa bilatuko luke zurrumurrugintza mamitsu horrekin.

Miami eta Oklahomaren arteko finala? Urtarrileko balantzan ere bi talde horiek ziren momentuko onenak, eta otsailean ere bai. Zalantza franko sortu zituen Miamik sasoi hasieran, baina orain bederatzi garaipen kateatu ditu errenkadan. Oklahoma ere txukun ari da, zazpi garaipen lotuta, eta bien balantzea parekoa da: 28-7 Miamik, 29-7 Oklahomak. Azken horrenak meritu handiagoa dauka, Mendebaldekoa Ekialdekoa baino konferentzia gogorragoa delako. Ezusteko onen artean, San Antonio Spurs, hamabi garaipen lortu baitzituzten segidan otsailean, eta bere hiru izarren ustezko gehiegizko adina oztopo serio bat izango zela ziotenak isilarazi.

50 urte, Wilt Chamberlainek 100 puntu sartu zituela. Atzo bete ziren. Inoiz ahaztu ezin den eguna izango da 1962ko martxoaren 2a. Filadelfia Warriors taldean jokatzen zuen Wilt Chamberlainek, eta Hershey Park kantxara bertaratu ziren 4.127 zale apurrek ez dute inoiz ahaztuko balentria hura. Chamberlainen batez bestekoak ikaragarriak ziren, 50 puntu partidako, baina egun hartan 41 saskiratu zituen atsedena iritsi aurretik. 69 hirugarren laurdena bukatutakoan (78 zituen markatzat), eta 92 punturaino iritsi bi minuturen faltan. Esatariak eta zaleek 100. puntua eskatzen zioten, baina kosta egin zitzaion. 46 segundo falta zirela lortu zuen, eta zaleak kantxara sartu ziren, Chamberlain zoriontzeko. Egun hartako estatistikak itzelak izan ziren: bikoak, 63 saio eta 36 barrura; eta puntu batekoak, 32tik 28: «Ez zen ezer berezia izan. Bezperako gauean parranda egin izan ez banu, 140 puntu sartuko nituen erraz», esan zuen partida amaituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.