Areeta, Ondarroa eta Hondarribiko estropadak ez dira ez hondarretan jokatu, baina KAEren ligak beren azken hondarrera eraman dituzte; bertako mapa nahikoa finkatuta utzita, gainera.
Lehen multzoan, oriotarrak garaipenak nola ari diren ospatzen ikusi besterik ez dago, buruak eta helburuak haratago dituztela igartzeko. Irailean, hain justu; eta San Miguel ligako kanporaketetan, batez ere. Han izango baitute urteko benetako ordua. Beraientzako ezohiko urtean, liga bera ere ezohiko bihurtzeko bidean daude mirotzak, bandera denak irabazi ahal izateaz gain gorengo mailara itzultzen aurreneko jaitsi berriak izan baitaitezke.
Santurtziarrak aspaldi ez bezala ari dira arraunean. Arraunketa horizontala, oldarkor baina pausatua, eta bloke sendokoa. Sotera-ren gidaritzapean estreinako urtea du Gabantxok, eta berarentzat arraunketa egokia dena barneratzen jakin du, baita arraunlariek ere. Hori meritua! Eta horren seinale moreen saio nahiz denboraldi erregularrak. Denboraldi amaiera bikainak egiten ere badakiela erakutsi izan du, gainera, kantabriar entrenatzaileak. Buruak gora begira daude; eta argi… argi Santurtzirekin!
Hortik behera, ligaren sailkapena bigarren mailan lagata, zortzi talde daude. Multzoan jarraituko dutela jakinda eta bakoitza bere neurrian, nabarmentzeko xedez itsasoratuko dira Isuntza, Santoña eta tarteko seiak falta zaizkien hiru saioetako bakoitzean. Hondarribiak eta, batez ere, Deustuk, berriz, falta diren hiruretan eman beharko dute mailarik onena, hura zuzenean galduko ez badute. Asteburu pattala eginda, miraria ez dute urrun beharko tomateroek.
Bigarrenean, elkartearen mende laurdena ospatzeko modu itzela aukeratu dute trintxerpearrek, ezeren okerrik ez dela goiko multzoan izango baitira bi aste barru. Orio B-k, lidergoaren pultsua galdua zirudienean, ukabila altxatu du, eta azken indar kondarrak hustu arte ez duela etsiko iragarri. Dena den, kanporaketa jokatzekotan ere, badituzte mailaz igoko direla sinesteko arrazoi sendoak. Gainontzekoak, ñabardurak gorabehera, bigarren multzoan izango dira datorren urtean ere.
Arraun-minez
Hondarretan arraunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu