Felipe Eizagirre.
Arraun-minez

Ikerketa 'bananeroa'

2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Irakurtzea gomendatzen dizuedan kondairan, Arkimedes zientzialariak, bainatzen ari zela, geroztik bere izena duen hidrostatikaren printzipioa deskubritu zuen. Problema askatuta, pozez, kalera irten zen biluzik, «aurkitu dut!» oihuka.

Igandean, Pasaiako bost ziabogako estropadan, inoiz baino zeresan handiagoa eman zuen Amilibiaren azken ontzi-modeloak. Popa eta branka zertxobait altxatuta edukita, forma berezia du; eta hortik datorkio goitizena: banana. Aurreak eta atzeak urarekin kontaktu gutxiago dutenez, ziabogak emateko egokia egiten du ontzia. Hori bai, arrazoi beragatik, luzeetan haizeak edota olatuek aldamenetik joz gero, txoroagoa da. Gainera, Arkimedesi esker dakigunez, traineruak material eta pisu bera izanda, kontaktu puntu horiek ontzipearen beste puntu batzuetan egon beharko dute hemen; eta, horretarako, ontzia gehixeago hondoratuko da. Hala, ziabogetan urak erresistentzia gutxiago eragiten badio ere, luzeetan gehiago geldiaraziko du. Zaila da jakitea zein proportzio dagoen ziabogetan irabaz eta luzeetan gal litezkeen segundoen artean.

Beste kontu bat alderdi psikologikoarena da. Ziabogara parean iritsi eta aurretik irtetea indar dosi ikaragarria da arraunlariarentzat; kolpe latza aurkariarentzat. Gainera, alboko ontziak luze osoko esfortzuarekin atera ahal diezaiokegun tartetxoari ziur aski di-da batean buelta emango diola pentsatzeak xahutu egiten du norbera. Eta hor estropada hauts liteke; ziabogako (dioten) bi segundoak berehala hamar bihur litezke. Bestetik, traineru bat beste bat baino hobea dela uste izateak, horretarako arrazoi sendorik ez izan arren, bereziki eragiten die batzuei; onerako eta txarrerako.

Zuetako asko egongo zarete ados esaten badugu edozein kiroletarako giharrik inportanteena burmuina dela; arrauna ez da salbuespena horretan. Zientzialari bananero-ak ere bat etorriko dira nirekin, bananak potasio asko omen baititu, eta, potasioak burmuinaren jardueran garrantzi handia baitu. Eureka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.