Sarritan inbidia aurpegiarekin begiratzen digu jendeak, gogorra izan arren, gustatzen zaiguna egiten dugulako. Baina Eibartik Ibardinera bidean zale gutxi egongo ziren inbidiak jota. 8-9 gradu zeuden irteeran, euri dezente ari zuen, eta bagenekien lan egitea egokituko zitzaigula. Dena den, eguraldi kaskarra ez da txarra izaten lanerako. Euria ari duenean gehiago sufritzen da tropelaren atzealdean, eta eguraldi txarrak mesede egin digula esan daiteke, beraz. Tropelean are min handiagoa egiteko aukera eman digu euriak.
Oso azkarra izan da hasiera. Hiruzpalau laguneko ihesaldiari baimena emateko asmoa geneukan, baina asko kosta da ihesaldi hori sortzea. Egurrean joan gara Eibartik Oriora, eta ihesaldia sortu denean, aurrean zihoazenetako bat sailkapen nagusian minutu bakarrera zegoela ikusi dugu. Horregatik mantendu dugu aldea, une oro, minutu eta erdiko langaren inguruan. Arrisku bat izaten du horrek: tropeleko beste txirrindulari batzuk ere animatu egiten direla aurrera egiten.
Etapa guztian zehar izan dira, azkenean, erasoak: Aritxulegin, Aginan, Ibardinen... Baina konfiantza handia daukagu geure buruarengan, oso indartsu gaudelako. Bizi eta lotuta eraman nahi genuen lasterketa, eta lortu dugu. Oso positiboa da etaparen balorazioa, arerio gehienekiko aldea areagotu dugulako. Purito ez da arriskutsua erlojupekorako, eta, aldea inoiz nahikoa ez bada ere, sinatuko genuen lehenengo egunean.
Niretzat, pertsonalki, oso egun berezia izan da, egunero entrenatzen dudan inguruan ibili garelako. Nire bizitokitik bertatik ere igaro gara, eta, jaieguna izanik, jende asko pilatu da bide bazterrean. Ibardinen bizi izan duguna, berriz, izugarria izan da. Frantziako Tourreko etapa ematen zuen! Nazkatuko ditugu laster zaleak, baina, beste behin ere, eskerrak eman beharrean gaude. Ematen diguten beroagatik da, neurri handi batean, hain berezia guretzat etxeko lasterketa.
Aspaldiko partez, Lapurditik ere igaro da Itzulia, eta poztekoa da, kilometro gutxi izan diren arren. Lapurtar asko inguratu da gu ikustera, eta, txoko honetatik, eskerrak horiei guztiei ere!
Euskal Herriko Itzulia. Laugarren etapa: Eibar-Ibardin. Nire txokotik
Inbidiarik ez oraingoan, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu