Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Inguruan egoten den orori, eskerrak

2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lasterketatik kanpo dauden kontuak aipatu nahiko nituzke, eta, nola ez, Euskaltel-Euskadiren egoera krudela ere bai. Dena den, aipamena egin nahi diot Haimar Zubeldiaren lanari. Askotan esan izan dut euskaldun guztiak ez daudela talde laranjan, eta aurten bi genituen egoera horretan Tourrean. Imanol Erbitik zorte txarra izan zuen, baina Zubeldia bikain ari da. Nire animorik beroena bidaltzen diot euskaldunon maila hain ederki ematen jarrai dezan.

Baina, zoritxarrez, ezin dugu ahaztu etxean gaudenon euskaldunon egoera. Han daudenakadina gaude dagoeneko etxean. Euskalteli dagokionez, Amets eta ni nahikoa ez, eta Gorka eta Samuel ere lehiatik at daude. Oso triste dago taldea. Horrek dakarren giro aldaketa oso tristea da. Lehen, egunero afaltzen bederatzi lagun ginen, eta orain, berriz, bost dira. Imajinatu nolakoa izan behar duen. Edo, bestela esanda, autobusean bakoitzak bere lekua zuen, eta orain aulkiak sobran dituzte. Gurea ez ezik, han dauden taldekideen egoera ere gogorra da.

Etxean gaudenoi dagokigunez, ezberdin bizi dugu kolpe gogor hau. Niri zirrara arraroa edo amorrua sortzen dit etapa ikusteak. Sailkapenei eta nondik norakoei erreparatzen diet, baina gehiago ez. Orain arte ez dut etaparik ikusi, eta ez dakit ikusiko dudan ere. Ospitaletik ospitalera gabiltza egun hauetan, eta burua beste nonbait dugu. Ametsekin dezentetan hitz egin dut, eta hura ere nire antzera dabil. Hari asteazkenean [bihar] egingo diote ebakuntza lepauztaitik. Nik ez dut halakorik beharko, zorionez, eta indarberritzeko lanari ekingo diot. Beso ortopediko bat jarri didate, eta arrabola egiten hasteko moduan naiz.

Gogoratu nahiko nuke Haimar Zubeldiak mezu baten bidez esan zidana. Goiari eutsi eta ingurukoen artean ibiltzeko aholkua eman zidan, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Momentu onetan jendea alboan edukitzea erraza izaten da, baina ni zerbaitez harro baldin banago, da une latzetan ere babesturik sentitzen naizela. Bilboko aireportura iritsi nintzenean familia eta lagunak han neuzkan zain, ezustean, eta izugarri eskertu nuen. Bada, inguruan laguntzeko prest egoten den jende hori guztia hartu nahi dut gogoan gaur, eskerrak emateko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.