Eraztun apustuak. Goizaldeko ordu txikietan telebistan etorkizuna iragartzen ateratzen diren artistek etorkizun beltza lukete NBAn. Munduko saskibaloi liga indartsuenak where amazing happens du lelo gisa, ikusgarriena gertatzen den tokia. Asmatu zuenak pentsatzen burua asko estutu zuen edo ez ezin jakin, baina asmatu zuela, egia, eta biribila. Harrituta geratzeko modukoak gertatzen baitira egunero NBAn, kantxetan eta kantxetatik kanpo. Iragarle lana ere bada kazetariarena. Liga erregularra bukatzeko hilabete eskas falta den honetan, eraztuna irabazteko hautagaiak botatzea litzateke gauza normalena. Batzuek esango dute arriskurik batere ez hartzea dela Oklahoma eta Miamiren arteko finala iragartzea. Arrazoi. San Antonio, Lakers edo Bostoni aukeraren bat ematea, NBAri buruz arrastorik ez edukitzea, besteen ustez. Eta Memphisek irabazten badu, zer? Asmatzea idaztea baino zailagoa da. Askoz zailagoa. Kazetari iragarleen patu beltza.
Mundua dantzan... ezertarako ez! A ze eromena martxoaren 15eko iluntzean. Euskal Herrian arratsaldeko 8ak zirenean bukatu zen jokalari aldaketak egiteko epea, eta gerta zitekeena, eta gertatu zena, hutsaren hurrengoa. Iragarle eta sasi-adituek ere kale alor horretan. Ligako indar korrelazioa aldatuko duen aldaketarik ez zen gertatu, eta gertatu zirenak, garrantzi handirik gabekoak. Ramon Sessions fitxatu zuen Lakersek, Derek Fisher galtzearen truke. Nene Hilariok ere Washingtonera egin du jauzi, Javale McGee-ren truke. Harrigarria, Nene azaroan ligako agente libre kotizatuenetakoa izan baitzen. 11 milioi dolar eman zizkioten urteko, hiru hilabeteren buruan aldaketa egiteko? Aulkietan ere izan da dantza. Mike D'Anthonyk utzi zuen New Yorken zuen kargua. Carmelo Anthony izarrak behartuta, mingain gaiztoek diotenez. Izarrek agintzen baitute. Harritzeko modukoa Orlandon gertatutakoa. Howard gora, Howard behera, jokalariak urtebeterako berritu zuen kontratua azkenean, baina taldeak notario baten aurren sinarazi zion kontratua, ez zelako jokalariarekin fio. Howardek barkamena eskatu zien zaleei, bere etorkizunaren inguruan halako iskanbila eta zurrumurru festa sortzeagatik.
Suspensea. Eraztunerako hautagaiak gainbegiratu ditugu, baina kanporaketak zein taldek jokatuko dituzten, eta zein postutan, interesgarria da. Lehia estua baita, batez ere Mendebaldeko Konferentzian. Izan ere, 3,5 partidaren aldea bakarrik dago bosgarren sailkatuaren eta lehen sailkatuaren artean, Memphisen eta Phoenixen artean. Ekialdean bi taldera mugatzen da kanporaketetan aritzeko lehia: New York eta Milwaukee. Oraingoz Bosgarren Hiribidekoek dute abantaila. 14-15 partida bakarrik geratzen dira liga erregularra bukatzeko, eta liga bukaera ondo ikusteko modukoa izango da.
Inuzenteen eguna. Hego Euskal Herrian abenduaren 28an izaten da. Ipar Euskal Herrian eta AEBetan, apirilaren 1ean. NBAn ere ohikoak izaten dira txantxak. Esteka honetan, Dallas Maverickseko jabe Mark Cubanek epaileekin borrokan hasteko egindako txantxa. Sinetsi egin zuen Del Harris entrenatzaile laguntzaileak, ile zuriarekin agertzen den gizasemeak: http://www.marca.com/2012/04/01/baloncesto/ nba/noticias/1333279732.html. Ohikoa da iritsi berriek beteranoen poltsak ematea, autoa krispetaz betetzea edo lan saioa bukatuta gazteenak donuts bila bidaltzea supermerkatura. Okerragoak edo mingarriagoak egin izan dituzte. Jokalaria supermerkatuetako erosketetako orgara lotu eta igogailuan harrerara bidali, jokalari bati aktore ezagun batekin hitzordu faltsua egin, eta egoera lau haizeetara zabaldu grabazioa egin ondoren... Luze gogoratzekoak dira Nate Robinson txikiak eta Shaquille O'Nealek izandako xextrak. Umore pixka bat!
Bosgarren Hiribidetik
Iragarleen patu beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu