Halako denboraldiak halako Kontxa merezi zuen: onenek irabazita, garaile askorekin eta, gainera, inork porrot egin gabe. Bi bandera tarteko, hamabi traineruk parte hartutako lehian, hori zaila zen oso. Horren guztiaren isla dira ontziek lehorreratzean kaiko arrapalan utzitako irudiak. Niri hauexek geratu zaizkit gogoan.
Zumaiarrekin hasi zen ospakizun sorta. Aranbarri irribarretsu, eta Urbieta negar zotinka; poz bera adierazten duten bi modu. Getaria-Tolosakoak ere gustura egindako lanarekin; sailkapenean postu bat behera egin arren, ez baitzen gutxiagorako. Rias Baixasen lehorreratzeaz atentzioa eman zidana, Zumaiako neskek egin zieten harrera freskoa izan zen. Ederra irudia! Batelerak eta Erreka elkarrekin irten ziren uretatik. Nola aldatu zaizkien gauzak sanjuandarrei hamar urteotan! Lehen, izen bat eta herri bat bitan banatuta; orain, bi ontzi eta herri oso bat elkartuta. Ez dago bandera ederragoa josterik. Donostiarrak noiz eroriko zain egon ginen denok mutilen lehen txanda osoan; bukatu egin zen arte. Kaira heltzean, zaleak zoratzen ikusita, lasai bota zuten arnasa. Erantzukizun handiz bizi izaten dituzte egun horiek, eta uretan gozatuz eta gozaraziz, lehen jardunaldiko zapore mingotsa ere ederki goxatu zuten. Bermeotarrak ziabogara iristerako esnatu ziren astebeteko ametsetik; baina errealitate gordinari meritu handiko buelta oparitu zioten. Horrek sortzen duen konformatu behar aurpegiarekin jaitsi ziren arrapalara; eta, noski, egindakoaz harro. Sestaoarrak, hondarribiar eta bermeotar arraunlarien txaloek bultzatuta —ederra hori ere—, burbuila batean iritsi ziren San Sebastian ontzira. Eta zer esanik ez Carlos Rodriguez eta Adrian Gonzalez, Kaikuko zaharrena eta gazteena, ontzian zihoazenetatik artean Kontxarik ez zuten bakarrak. Zorionak guztiei!
Datorren asteburuan beste aldarte bat izango da Bizkai aldean. Liga ia erabakita, kanporaketek erakarriko dute arreta gehien. Han bai izango direla porrot aurpegiak. Nire apustua: baietz Amegrove igo eta Zumaia mantendu.
Arrauna. Kontxako Bandera. Arraun-minez
Iraileko estropada egunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu