Egoi izan da eguneko protagonistetako bat, eta pena izan da garaipena ez lortzea. Tourrean txirrindulariak dira izarrak, baina atzean dagoen lantaldeari buruz hitz egin nahi nizueke gaur. Txirrindulariek eragiten diete pedalei, baina lan izugarria dago horren atzean.
Gure kasuan, bost masajistarekin joan ginen Tourrera, hiru taldetan banatuta: bi masajista hurrengo eguneko hotelera joaten dira, txirrindularien maletak hartuta. Etapa jokoan dela, hotela egokitzen dute eurek, gelak txukunduz, ura eta fruta logela guztietan jarriz... Beste bi masajista hornidura gunera joaten dira, aurretik pasteltxoak, ur potoak, gatz mineralak, proteinak eta gainerakoak ondo prestatuta. Helmugan egoten dira gero gure zain, ura, coca-cola edo dena delakoa berehala emateko.
Bosgarren masajista, berriz, autobuseko arduraduna izaten da. Bi dutxa eta sukalde txiki bat dauzkagu han, eta autobusaren ordez, etxe baten gisakoa da guretzat. Onartu beharra daukat dutxatzeko, aldatzeko edo meriendatzeko garaian txirrindulariok nahikoa zikin uzten dugula autobusa; guztia txukun-txukun uztea izaten da haren lana.
Mekanikarien lana, berriz, oso zehatza eta gogorra da, bizikletak garbitzeaz gain egunero prest-prest edukitzeaz arduratzen direlako. Gurpilak aldatu, tubular berriak jarri, katea... bizikletak berri-berri uztea da kontua. Prentsaburuaren lana txirrindularien eta komunikabideen arteko harremana arintzea izaten da. Elkarrizketak eta gainerakoak egitean berak antolatzen ditu ordutegiak, txirrindulariari ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Eta ezin ahaztu sukaldariaren lanaz. Agian haren lana da politena edo eskertuena, izugarrizko gosearekin iristen garelako afarira eta gosarira. Luxua da etxeko produktuak jan ahal izatea.
Eta horien ondoan, oso garrantzitsua da zuzendarien lana ere. Lan gutxien eurek edukiko dute agian, baina baita gogorrena ere, presio handia daukatelako. Taktika pentsatzeaz gain, guztion arteko elkarlana ere haien esku dago: ordutegiak, bidaia, autoak... Txoko honetatik eskerrik beroenak talde guztietan itzaleko lana egiten duten guztiei!
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Izarren atzeko lantaldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu