Oso onak. Bereziak, onak, apartekoak, ezohikoak... Horregatik ez dira asko izaten. Behin, Lehen Mailako jokalari batekin hizketan ari nintzela, honela banatu zuen bere gremioa: «Oso gutxi dira oso onak. Oso txarrak ere ez dira asko. Beste guztiak maila ertainekoak gara». Oso onak berehala nabarmentzen dira. Funtsezkoak dira edozein taldetan daudela ere. Talde handietan, oso onak dezente izaten dira; edo asko. Horregatik dira talde handiak; baina ez da nahikoa jokalari oso onak edukitzea bakarrik. Talde ez hain handietan, gutxiago dituzte oso onak. Gureetan ere badira oso onak. Joan den jardunaldian, horietako bi nabarmendu egin ziren, eta euren taldeek irabazi egin zuten. Beste batek ezin izan zuen jokatu, eta taldeak ez zuen ondo jokatu.
Raul Garcia. Oso ona zelako fitxatu zuen Atletico Madrilek, baina ez zuen oso ondo jokatu han. Hain da zaila talde horretan oso ondo jokatzea... Euskarri lanak egiten aritu zen. Joan zen udan, Osasunak berreskuratu zuen. Berriz ere oso ona izango zela erabat ziur. Bai asmatu ere. Horretan zeresan handia dauka Mendilibarrek. Duela hiru bat aste, berekin egoteko aukera izan genuen, www.futbolmamia.com web gune berrirako elkarrizketa egiten. Eta galdetu genion bere gustuko sistemaz edo marrazkiaz. 4-2-3-1 erantzun zigun. Zenbaki dantza horren berezitasunak ematen ari zela, honela definitu zuen punta-erdiaren lana: «Jokalari garrantzitsua da niretzat. Jokalari hori oso ona bada, taldeari gauza on asko ematen dizkio». Berak bere aginduetara izan dituen bi jokalari aipatu zituen: Silva Eibarren, eta Victor Valladoliden. Raul Garciaren izena bota zuen gero: «Punta-erdi bezala ari da jokatzen nirekin. Berezia da, ona». Larunbatean erakutsi zuen bai.
Ander Herrera. Ez zen joan Sevillara. Nahi bai, baina ezin. Txartel horiak pilatzearen ondorioz, zigortuta zegoen. Zaragozan nabarmendu zen, eta nola gainera. Jokatzen ikusi eta zerbait berezia daukala ikustea bat izan zen. Gaztea zen, eta gaztea da. Athleticek fitxatu zuen, dirua mahai gainean jarrita. Orduan esan zen ez ote zen gehitxo ordaintzea... Orain, ordea, inork ez du gogora ekartzen diruarena. Oso ona delako. Oso ondo ari delako. Baloia oinetan erabiltzen abila da, eta hori laguntza handia da. Bizia da, azkarra, eta bete-betean uztartzen da Bielsaren ereduan. Gaur-gaurkoz, aldea dago Herrerak jokatu edo ez jokatu. Denok konturatu ginen larunbat gauean. Zerbait falta zuen Athleticek. Norbait. Jokalari oso onen hutsunea berehala ikusten delako. Herrera zelaian egonda ere emaitza ez zela aldatuko? Auskalo. Hori ezingo dugu inoiz jakin. Baina berriz jokatzeko aukera egongo balitz, gustura ikusiko nuke larunbateko partida berriro, Herrera bertan zela.
Ruben Pardo. Egon da, baina ez da egon orain gutxi arte. Realarekin aritu da entrenatzen, baina apenas jokatzen zuen. Hemendik aurrera ea nork kentzen duen hamaikakotik. Bartzelonan loreak eman zizkioten, baina kortesiazkoak eta gehiegizkoak gehienak. Herenegun irabazi zituen lore sortak. Gol bikaina sartzeaz gain, beste hamaika gauza egin zuen ondo. Egin gabe ere, trebetasun horien jabe dela bazekien zaleak. Teknika bikaina du; baloia berak menderatzen du nahierara, eta ez baloiak bera. Pase motzak, luzeak... Baloia eramateko gaitasuna... Baloia oinetan duela noranzkoa aldatzeko abilezia... Denetarik dauka Realeko harrobiko bitxiak. Hau ere berezia da. Aparta. Baloia hartzen duenean, ikusleengan zerbait berezia pizten du: ezohikoren bat egin behar duen uste sendoa. Heldu da gora, eta gehiago goratuko dute inguruaren biba eta txaloek. Baina ez da ahaztu behar oraintxe hasi dela. Gaztea dela. Eta gazteek gorabeherak izatea nomal-normala da. Bide onean da, eta berez-berez egingo ditu urratsak bere talentuarekin.
Betiko eztabaida. Horra hiru jokalari on, eta hiruren artean bi antzekotasun: oso gaztetatik nabarmendu izan dira eta oso gazteak izanda ere, entrenatzaileek aukera eman diete Lehen Mailan aritzeko. Raul Garciari bere garaian, Ander Herrerari orain dela pare bat denboraldi, eta Ruben Pardori orain. Halakoetan, betiko eztabaida sortzen da. Gazte oso onei azkar eman behar al zaie onenen artean jokatzeko aukera, oso gazteak badira ere? Batzuen ustez, bai. Beste batzuen iritziz, osatzen utzi behar zaie, denbora gehiago eduki beheko taldeetan. Jokalari bakoitzaren kasua ezberdina izan ohi da, baina hiru hauen inguruan, ezin da ukatu hau: aukera eman dietenek bete-betean asmatu dute.
Aulkitik begira
Jokalari bereziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu