Itxako. Navarro, Barno (4), Egozkue (1), Tervel (1), Martin (1p), Fernandez (3), Barbosa (10, 1p) —hasierako zazpikoa; Milenkovic, Sopronyi, Pinedo (3), Agirre, Alonso, Zebic (1) eta Fachinello.
Midtjylland. Englert, Led, Torstenson(3), Bont (1), Thorsgaard (1), Jorgensen (5), Troelsen (7, 3p) —hasierako zazpikoa—; Odegaard, Spellerberg, Woller, Soerensen, Jensen (1) eta Groot (2).
Markagailua. 0-0, 1-2, 3-3, 7-4, 9-7, 10-7 (atsedenaldian); 12-8, 14-10, 18-13, 21-16, 23-19 eta 24-21.
Epaileak. Pandzic eta Satordzija. Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Egozkue, Pinedo (2), Tervel eta Zebic; eta Midtjyllandeko Spellerberg, Torstenson, Bont, Jensen eta Groot.
Partida hasi baino lehen ihes egin zion azken aukerak Itxakori. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako azken partida jokatu zuen atzo Danimarkako Midtjyllanden aurka. 24-21 irabazi zuen. Emaitzak berdin zuen, norgehiagoka hasi aurretik jakin baitzuten Lizarrako jokalariek Europako lehiaketa nagusitik at zirela. Lizarrako partida baino lehen jokatu zen Larviken eta Gyoriren artekoa, eta 32-25 irabazi zuten norvegiarrek, egungo txapeldunek. Atzo Itxakok irabazi zuenez, Larvik sailkatu zen finalerdietara, Gyorirekin batera.
Norgehiagoka hasi aurretik, ilun ziren Itxakoko kideen aurpegiak. Javier Ibañez ordezkaria kexu zen atzoko bi partidak ez zirelako batera jokatu. Norgehiagokaren amaieran, Itxakok ligaxkan erakutsitako lehiarako grina nabarmendu zuen Ambros Martin entrenatzaileak. «Erakutsi dugu ez garela inor baino gutxiago; zorteak bizkarra eman digu, ordea; xehetasunek erabaki dute».
Aurpegian sumatzen zitzaion Martini Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu izanak eragindako tristura. Aurrera begira jarraitzeko beharra azpimarratu zuen, hala ere. «Ligan orain arteko konfiantzarekin jarraituko dugula espero dut, porrot honek ez digula minik eginen». Europan, hain zuzen ere, konfiantza pixka bat gehiago falta izan dutela onartu zuen entrenatzaileak.
Jokalarien aurpegietan ere sumatzen zen tristura atzoko partidaren amaieran. Zenbaitek ezin izan zieten malkoei eutsi. Jarraitzaileen babesa eta berotasuna etengabekoa izan zen partida guztian. Aurreko sasoian finalera ailegatu eta gero, Lizarran inork ez zuen espero Itxako finalerdietatik at gelditzea. Bigarren ligaxka, ordea, zailtasunez betetako bidea izan da Lizarrako jokalarientzat. Zortea ez dute alde izan hainbat partidatan, baina, batez ere, zenbait une erabakigarritan huts egin dute nafarrek. Egoera horrek bertzeen emaitzen zain utzi zituen Lizarrakoak bigarren ligaxkako azken jardunaldian.
ABF liga gelditzen zaio Itxakori. Sendo ari da lehiaketa horretan Lizarrako taldea. Lehen postuak Txapeldunen Ligan berriz aritzeko aukera emanen dio datorren denboraldian. Sasoi honetakoak ahaztu, eta aurrera jarraitu bertzerik ezin du egin Itxakok orain. Txapeldunen Liga gogorra da, lehia handikoa, eta Itxakok ederki ikasi du.
Danimarkarrak, ezinean
Itxakok ez zuen deus jokoan atzoko partidan, baina danimarkarrek irabazi egin behar zuten Larviken ordez finalerdietara sailkatzeko. Nafarren defentsarekin topo egin zuten, ordea, eta, hari esker, garaipen batekin erran zioten agur Txapeldunen Ligari. Bigarren ligaxkako bakarra izan da Itxakorentzat. Tamalez, berandu ailegatu zen.
Itxako 24. Midtjylland 21
Jokatu gabe, galtzaile
Txapeldunen Ligatik at zela jakinda jokatu du Itxakok Midtjyllanden aurkako partida, Larvikek irabazi eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu