Orain arte egin dugun erlojupekorik zailenetakoa izan dela esango nuke, oso zaila zelako zein estrategia hartu erabakitzea. Ia-ia indartsu egotea baino garrantzitsuagoa zen estrategiarekin asmatzea, eta Leoparden lana izan da horren erakusgarri. Oso-oso indartsu zeuden bestela ere, baina, nire ustez, asmatu egin dute estrategiarekin. Bi txirrindulari erre dituzte aldapa gora, gainerakoak gurpilean joan dira, eta gero zazpi txirrindularirekin egin dituzte gainerako kilometroak.
Nire ustez ere, hori zen estrategia egokiena. Orain bi egun hala jakinarazi nion zuzendariari. Baina, haren ustez, ez zen egokia estrategia hori erabiltzea eta kito. Gure kasuan, erlojupekoetako ohiko lana egin dugu, baina oso zaila zen ibilbidea. Lehen lau kilometroek gorako joera zeukaten, eta erreleboak eman eta eman, denok ito gara, Oscar [Freire] tartean. Goian nahiko denbora ona lortu dugu, hamabi segundora gindoazelako, baina beherakoan hemezortzi segundo gehiago galdu ditugu. Garminek, berriz, goraka 21 segundo galdu ditu, eta behean 25. Leoparden estrategia berbera erabili dute, eta niretzat hor egon da gakoa.
Faboritoen artean aldetxoak egon dira, baina hau hasi besterik ez da egin. Amaiera zail asko daude Vuelta honetan, gainsariak ere hor daude, eta aldeei ez nieke aparteko garrantzirik emango. Skyk, adibidez, denbora asko galdu du, baina sailkapen nagusian goian ibiliko da.
Eta, kirol arloa alde batera utzita, oso arriskutsua iruditzen zait abuztu erdian Vuelta Benidormetik abiatzea. Azpiegitura arazo handiak sortu dira. Etapa hasi aurretik auto ilara handi baten erdi-erdian geratu gara. Hiri erdia hondartzara zihoan, eta beste erdia, erlojupekora. Denok errepide beretik, noski. Izugarria izan da. Inon ez da agertuko hori, telebistan ez dira ikusiko irudi horiek. Baina komeni da horri buruz ere hitz egitea.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik
Kritikatxoa antolatzaileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu