Juanma Garate.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

Lurrikarak txikituta

2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
L'Aquila zeharkatu dugu gaur, 2009an lurrikara batek astindu zuen hiria. Egia esan, badirudi atzo izan zela lurrikara. Ez zegoen ia inor kalean, ez L'Aquilan, ezta inguruko herrietan ere. Ikusten zen bakarra eraikuntzarako tresnak ziren: garabiak, aldamioak... Paisaia tristea zen erabat. Argi dago lurrikara horrek txikizioa eragin zuela eta inguru horri asko kostatuko zaiola horri buelta ematea.

Etapari dagokionez, nahiko erosoa izan da hasieran, oso azkar egin baita eguneko ihesaldia. Lamprek hartu du ardura tropelean, Maloriren lidergoari eusteko baino gehiago, hori egiten zuen itxura emateko. Benetako lehia, indartsuenen arteko lehia, azken kilometroetan hasi da. Ez dut esan nahi aurreko egunetan egon ez zenik, baina gaur jada hasi da benetako mugimendua. Eta, egia esan, ondo ikusi dut neure burua. 17. postuan helmugaratu naiz, Tiralongo eta Scarponirengandik 11 segundora. Pozik nago. Baina, egia esan, badut amorru puntu bat, helmugara iristeko 1,2 kilometro falta zenean gaizki hartu dut bihurgune bat, eta segundo gutxi batzuk galdu ditut. Hutsik egin ez banu, agian aurrerago amaituko nukeen. Nire errua izan da; baina, tira, ez da horrenbestekoa izan. Gadretekin, Kreuzigerrekin, Cunegorekin-eta iritsi naiz. Nirekin batera helmugaratu dira Intxausti eta Nieve ere. Ondo ikusten dut Nieve, egunetik egunera gora eginez.

Bihar berriro izango dugu izerdia bota beharra, gaurkoa baino etapa gogorragoa izango baita Lago Lacenon amaituko dena. Hasteko, etapari ekin eta kilometro gutxira laugarren mailako mendate bat igaro beharko dugu. Laburra da, baina nahiko gogorra. Ez da izango eguneko mendate bakarra, azken kilometroetan ere gaurkoa baino mendate gogorragoa dugu zain. Ziur mugimendua izango dela. Gero egia da azken lauzpabost kilometroak aintzira baten inguruan direla, erabat lauak. Ni, behintzat, gogoz nago. Ahalegina egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.