Etapa nahiko lasaia izanda, tropelkideekin hitz egiteko aukera izan dugu aspaldiko partez. Aurreko Espainiako Vueltetan solaserako tarte ugari izaten genuen. Honetan, ordea, hitz egiteko aukera gutxi izan dugu. Gehienbat, masaje emailearekin aritu gara solasean azken hilabetean. Txirrindulari guztiok asko zor diegu masaje emaileei, ordubeteko masajeaz gain, ordubeteko lasaitasuna ere ematen baitigute, etapako sentipenak komentatuz. Eta hori oso beharrezkoa da guretzat.
Andoni da nire masaje emailea, bilbotar petoa. Gure solasaldietan, bakoitzak berearen alde egiten du, eta Athletic eta Reala eguneroko gaia izaten dira. Berak esan ohi du 50 urte ezkonduta daramatzan bikote bat dirudigula. Gauza bategatik edo besteagatik, egunero izaten dugu eztabaidaren bat.
Baina oso atseginak izan dira hiru aste hauetan eman dizkidan masajeak eta hitzaldiak, eta asko zor diot. Taldean jende asko ari da lanean, baina masaje emailearekin harreman estuagoa izaten dugu. Lagunik onena ez izan arren, gure arteko harremana asko estutzen da hiru aste hauetan. Txirrindulariak ateratzen gara telebistan, baina masaje emaileei esker ez balitz, ezingo genuke etapa osatu ere egin. Eskerrik beroenak haiei!
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik
Masaje emaileei eskerrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu