Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

Motoaren laguntzarekin

Juanma Garate.
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ikaragarria izaten ari da aurtengoa. «Zenbat falta da Parisera iristeko?». Galdera horri bueltaka ibili gara, pentsa. Izan ere, Tourreko azken etapen parekoak dirudite Vueltako lehen asteko hauek. David Lopezekin hizketan aritu naiz, eta itzuli handi bateko hirugarren asteko sentipena daukagu gorputzean. Jota gaude, eta lehen astea ere ez da pasatu oraindik.

Gaur [atzo] ere egurrean ibili gara. Telebista piztutakoan ihesaldia osatuta dagoela eta tropela lasai doala ikusiko duzue gehienetan. Baina lehen bi orduetan orduko 47 kilometroko batez bestekoarekin gindoazen, eta ibilbidea ez zen batere laua. Ihesaldian sartzen saiatu gara, helmugara irits zitekeela uste genuelako. Baina berehala ikusi dugu Leopardek kontrolatzeko gogoa zeukala, Bennatiren mesedetan.

Guri dagokigunez, penatuta gaude Matti Brescheli gertatu zaionarekin. Etapa hasi aurretik erori da, eta kolpe handia hartu du. Harri bat zapaldu du, eta muturrez aurrera joan da. Bi hatz hautsi ditu, ezker eskuko lotailuak ere bai, hainbat puntu eman dizkiote kokotsean, eta belaunetan ere kolpe handia hartu du. Horrekin dago arduratuta, urtebetean bi aldiz egin diotelako ebakuntza belaunean.

Pena da, izar gisa iritsi zelako taldera. Munduko txapeldunordea izan zen iaz, baina zorterik gabe dabil. Etxeko itzulian hasi zen burua altxatzen, Danimarkako Itzulian, eta sasoi puntu onean iritsi zen Vueltara. Baina etxera joan beharko du. Danimarkan jokatuko da aurten Munduko Txapelketa, eta ez dakigu joaterik izango duen. Berak iritsi nahi du, baina ez dakit ba...

Azken xehetasun gisa, buruan joaten den motoa, telebistakoa, txirrindulariengandik gertuegi joaten dela adierazi nahiko nizueke. Joaquim Rodriguezekin hizketan aritu naiz behin etapa amaituta, eta horixe esan dit, Nibali motoaren atzean jarri dela eta ezin izan diotela jarraitu. Motoak gehiegitan egiten die mesede tropel buruan tiraka aritzen direnei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.