Arrankatu ezinik. Igande eguerdi hotza. Kanpoan eta barruan. Miribillako partida Internetez ikusten ari zena esnatu ote zen pentsatzen jarri zen, 14. minutuan Bizkaia 14-33 galtzen zihoala ikusita. Noren eta Valladoliden aurka— ligako azken sailkatua— bere etxean! Baskonia ere hotz dabil etxetik urrun, abiada hartu ezinik, eta Nocioniren bueltaren euforia desagertu da dagoeneko. Gasteizko taldeak arnasa hartzea bezala behar du pibot on bat saskipean, baina ez da etorriko, eta kanporaketetan zer gerta daitekeen sumatzen hasi daiteke dagoeneko. Lagun Arok bi partida galdu ditu jarraian lehen aldiz bost hilabete eta erdian. Marka handia da, baina aurreikusteko modukoa, liderraren etxean jokatzen baitzuen. Xehetasun garrantzitsu pare bat. Panko eta Vidal nekatuta daude, eta bi makulu horiek kale egite badute, jai dago. Motorrak motor, hiru euskal taldeek zortzi onenen artean jarraitzen dute, eta eskura dute kanporaketak jokatzea.
Sei. Bizkaiak jarraian daramatzan garaipenak. Laugarren posturaino igo da horri esker, liga erregularra bukatzeko hain gutxi geratzen denean lortutako posturik onena, eta bertan mantentzeko helburua du. Erronka zaila izango du hurrengo igandean, Valentzian, baina bolada onean dago, eta kanporaketak jokatuko ditu ia ziur. Partida guztiak galdu eta aurkariek denak irabazi beharko lituzkete Bilbokoak zortzi onenetatik at geratzeko. Koskaren bat bilatzen hasi, eta bizkaitarren jardun gorabeheratsua aipatu behar. Irabazita ere, lehen ordu laurden kaskarra egin baitzuten Katsikarisen jokalariek. Entrenatzaileak purrustada asko egin zizkien jokalariei, Valladolidek hankapean baitzeukan Bizkaia 14. minutuan: 14-33. Vasileiadis, Raul Lopez eta Roger Grimauren eskutik esnatu zen taldea, eta aldats gora jarri zen norgehiagokari buelta eman. Hasiera hotz horiek saihestu behar dira, nola edo hala; Valentzia, CAI edo Lagun Aroren aurka ezinezkoa izango baita buelta ematea.
Argirik ez. Baskoniaren etorkizunean. Justu-justu irabazi zion Real Madrili, baina legez galdu zuen Manresan, eta ez du bigarren postua lortzeko aukerarik izango liga bukaeran. Manresa ikusi, edo Baskonia ikusi, alde handia. Batzuk, etxekoak, bizi-bizi, partida irabazteko gogoz, egurra ematen han eta hemen, eta parekoak, bigun, epel eta kontrakarrean. Baskoniak arazo handi bat dauka aspalditik, eta Nocioniren itzulerak hutsune hori estaliko zuela pentsatzen bazen ere, ez dirudi hala izango denik. Pibot peto bat behar duelako taldeak. Egia da Lampe eta Milko Bjelica pibotak direla, baina kanpotik barrura jokatzen duten pibotak, saskipean eroso sentitzen ez direnak. Manresan Doellmann eta Asselinekin ezinean ibili ziren, eta pibot handiagoak eta potoloagoak etortzen direnean, arazoak biderkatu egingo dira. Deigarria, Oleson eta Ribasen sasoi txarra eta Javi Rodriguezek Prigioniri emandako lezioa. Azken jokaldia, adierazgarria. Miraria Teletovicekin. Mirariak, ordea, gutxitan gertatzen dira. Gertatzekotan.
Krisialdi txikia. Duela hilabete gutxi, Lagun Arok jarraian bi partida galtzea gauza normala zen. Orain ez da normala, eta ingurua aztoratu, urduritu egin da gertatu denean. Talde handien mozorroarekin dabil Lagun Aro sasoi honetan, eta bi partida galtzeak itzalean utzi du apur bat donostiarren bigarren itzuli aparta. Bi garaipenera dute oraindik bederatzigarren postua, eta eskura dute zortzi onenen artean sartzea. Besteak beste, 9., 10. eta 11. postuetan dauden taldeekin puntu aldea irabazita duelako. Bartzelonan ahal zuena egin zuen Lagun Arok. Bartzelonak kate motzean lotu zituen Vidal eta Panko, taldeko bi ikurrak, eta odolustea eten ezinik aritu zen partida osoan, 10-12 punturen aldea murriztu ezinik. Berri on bakarra Iari Koroleven itzulera izan da. Hiru minutuz bakarrik jokatu zuen, baina urtebete kantxaratu gabe dagoenarentzat garrantzitsua da. Hilabetea du orain Pankori arnasa pixka bat emateko, taldeari beste bultzada bat emateko.
Zonakako defentsa
Motorraren ajeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu