Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik

Muxu handi bat, Oier!

Juanma Garate.
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ohean etzanda nago, lehertuta. Eta masajea hartzera joan arte ez naiz mugituko hemendik. Noski, orduan ere etzanda egongo naiz. Ez dakit zuenganaino iristen den tropelean daukagun egur sentsazioa. Baina, beste behin ere, dena emanda abiatu gara eta dena emanda helmugaratu gara. 211 kilometro eduki ditu etapak, eta hasierako zortziak batuta, ia 220 dira denera. Eta pixa egiteko ere ez gara geratu! Sinestezina izan da, beldurgarria.

Oso-oso bizi ibili gara. Vuelta bera dago jokoan, eta mundu guztiak sartu nahi zuen ihesaldian. Atzean, ordea, beste interes batzuk ere bazeuden. Vacansoleilek etapa garaipena nahi zuen, Euskaltelek ere bai, Purito [Joaquim Rodriguez] bazirudien ondo zegoela... Etapa hasieran esan dit atzo [herenegun] erori ez balitz Peña Cabargan irabazle ikusten zuela bere burua. Bakoitzak bere interesak zeuzkan, eta hegan ibili gara. Ikaragarria izan da.

Telebistan ez zenuten ikusiko, baina helmugara iristeko 400 metro falta zirenean zaleak Coboren atzetik korrika abiatu dira, eta Bauke Mollema lurrera bota dute. Erorita ere hirugarren iritsi da helmugara, baina ez da oso txukuna izan. Jendeak kontuz ibili behar du, gauza asko daudelako jokoan. Pena da. Ez dut esango horregatik gaudenik podiumetik kanpo, baina azken emaitzan eragina eduki zezakeen.

Zoragarria izan da bien etapa amaiera. Cobok ez zuen ezagutzen igoera, eta ehun metro falta zirenean hartu dio aurrea. Baina Froomek ezustean harrapatu du gero. Martinekin Mont Ventouxen eduki nuen buruz burukoa ekarri dit gogora. Han ere ez zen ikusten helmugako marra non zegoen, eta antzeko zerbait bizi izan nuen orduan.

Hain nekatuta egonda, ia gogoratu ere ez naiz egin, baina bihar [gaur] urtebete egingo du Oier txikiak, eta muxu handi bat bidaltzen diot hemendik. Laster naiz etxean, baina ondo ospatu eguna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.