Guadalupetik

Nabari zitzaion

Juanma Garate.
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Hasteko, zorionak Pablori [Lastras] eta aurrean ibili diren bost txirrindulariei. Etapa bikaina egin dute. Zazpi minututik gorako aldea hartu dute, eta bagenekien zaila izango zela harrapatzea. Tropela beldurtuta zegoen azken igoerarekin, ezezaguna zelako. Esprinterren taldeek ez zuten lanik egin nahi, bazekitelako esprinterrak atzean geratuko zirela.

Beraz, gurearen gisako taldeek zeukaten lan egin beharra. Gure kasuan, Matti Breschelek aukera polita zeukan irabazteko, baina ez dugu aurkitu elkarlanik, eta ez geunden prest bost taldekide erretzeko. Ni, adibidez, denbora askoan aritu naiz lanean, baina amore eman dugu azkenean. Une batean bakar-bakarrik ari nintzen tropeletik tiraka, eta gelditzea erabaki dut.

Baina bitxikeria bat aipatu nahiko nizueke gaur. Vuelta hasi aurretik beti ibiltzen gara ezustea nork emango duen asmatu nahian. Eta Pablori [Lastras] berari egin nion galdera, honetaz pixka bat bazekiela eta. «Ni neu», erantzun zidan, serio-serio. Berehala esan nion berea ez zela ezustea edo berritasuna izango, berea hamaikagarren berrespena izango zela. Adinean aurrera goaz, eta geure burua ezin sartuko dugu ba ezusteen barruan! Baina harrituta geratu nintzen, begiarekin keinua eginez ezustea berak emango zuela esan zidalako. Taldekako erlojupekoaren biharamunean eduki genuen elkarrizketa txiki hori, eta nabari zitzaion oso-oso fin zegoela.

Ihesaldia sortu denean, eta Chavanel eta Markel [Irizar] ere tartean zeuden arren, Quick Stepeko zuzendariari berehala esan diot Lastras zela zaindu beharrekoa. Konfiantza handia daukat berekin. Etapa irabazi nahi bazuten gainerakoekin ahazteko esan diot. Eta begira zer gertatu den. Eta kontuz Lastrasekin, txirrindulari gogorra delako. Oso-oso fin dago, lasterketan sartuta. Aurrekoen aldea zazpi minutura igo denean, Cancellararekin hizketan aritu naiz eta Lastrasekin kontuz ibiltzeko esan diot. Zazpi minutuko aldea hartuz gero ez zutela hortik botako esan diot. Izan ere, Lastras ez da Voeckler. Eta are gutxiago pertsona gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.