Orain arte, Espainiako Vuelta ez da oso gogorra izan, ibilbideari dagokionez. Baina Euskal Herrian izan genuen bero boladarekin jarraitzen dugu. Badirudi beroa gure atzetik dabilela, eta, etapak leku batetik bestera izanda ere, 40 gradutik gorako tenperaturak jasaten ari gara egunero. Bost orduko etapak izaten dira, eguzkiak gogorren jotzen duen orduetan. Horrek egiten du lasterketa gogorragoa. Ez nuke esango oso nekatuta iristen garenik, ez delako hori sentipena. Nekatuta baino gehiago, oso berotuta iristen gara helmugara. Tenperatura altuaren ondorioa hori da, gorputza erabat berotuta iristen dela.
Autobusera sartu eta dutxatu ondoren, oraindik ere izerditan jarraitzen dugu. Autobusean, gainera, izugarrizko beroa egiten du, ez baitugu aire girotua jartzerik, gaixotzeko arrisku handia daukagulako. Beraz, nahiz eta ez izan etapa oso gogorrak, beroa kalte handia egiten ari zaigu. Etapan zehar, txirrindulari bakoitzak hamabi poto ur edango ditu. Hortaz, sei litro edaten ditugu, ura, gatz mineralak edo coca-colak izan. Lau orduko etapa batean sei litro edatea ez da ohikoa.
Etapa bukatu ostean, ordu eta erdiko ibilbidea izan dugu hotelera iristeko. Normalean, hotela gertu izaten dugu, baina gaur [atzo] bidaia luzea izan dugu. Bada, ordu eta erdi horretan, bi txirrindulari lo seko etorri gara. Arratsaldeko zazpietan eta 40 gradutara, autobusean lo hartzeak erakusten du nekea pilatzen ari dela, eta erruduna beroa da.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik
Nekatuta bainoago, berotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu