Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Nekea

2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Gutxi falta da. Beste hiru jardunaldi eta agur. Aste eta erdi barru, akabo. Emanda izango ditu eman behar zituenak denboraldi honetako Ligak. Horrek esan nahi du, batetik, gutxi falta dela. Horrek esan nahi, bestetik, asko joan dela dagoeneko. Partida ugari, tentsio handia, joan-etorri mordoa, entrenamendu piloa... Jokalarien buruan eta hanketan dago pisu hori guztia. Nekatuta egoteko garaia da. Buruz eta fisikoki. Gainera, zamari zama, Europako selekzioen Kopa dagoenez hilabete pasatxo barru, aste honen barruan, jardunaldia dago. Asteburuan jokatu zuten, gaur, bihar eta etzi artean ere bai, eta larunbatean, beste horrenbeste. Nekeari nekea. Azken nekeari hobeto aurre egiten diona nor izango den, ordea, ikusteke dago oraindik. Ia dena jokatuta egon arren, ia dena erabaki gabe dago.

Denei eragiten die. Realekoak ere nekatu dira, zalantzarik gabe. Batzuen ustez, denboraldi honetan eguzkia hartzen egon badira ere. Nola erraz lortu duten sasoiko helburua, beti katuari bosgarren hanka bilatzen ari diren horiek, lanari meritua kentzeari ekin diote. Ez jaistea oso merke egon dela, azkeneko hiru taldeen maila hutsaren hurrengoa dela, taldearen helburuak handiagoak izan behar duela, jokalariei etekinik ez diela atera Philippe Montanierrek, eta abar. Bada, hankaz gora eguzkiari begira egoteko, bada zerbait hiru partidaren faltan denboraldiko helburua gauzatuta edukitzea. Zein azkar ahazten dituzten hainbatek beste garai ilun haiek, txuri-urdinek maila ez galtzeko izerdia latz bota behar izaten zuten garai haiek. Kontua da Realekoak ere bukatzen ari direla lana. Larunbatean bete zuten lan nagusia, eta orain, lehian segitu behar dute. Neke psikologikoari egin beharko diote aurre aste honetan, fisikoarenari ez ezik. Egun hauetan irakurri diot Joaquin Caparrosi hau: «Helburua bete eta gero, zaila da hurrengo partidetan motibazioari eustea. Nik neuk aurrez bizi izandakoak esaten dit hala dela».

Kontzentrazioa. Osasuna etxetik urruti dabil aspaldian. Ostiralean joan zen, eta etzi itzuliko da. Herrialde Katalanetan dago. Halakoxe aukera eman dio egutegiak. Larunbatean, Vila-realen zen, eta bihar Valentzian izango da. Aukera baliatuz, astebete ibiliko da etxetik kanpo. Ez da garai txarra halakoak egiteko. Denboraldi osoan entrenamenduak leku berean egin eta gero, kanpoko partidetara egun baterako bidaia laburrak egin ondoren, sasoiaren amaiera egokia da eguneroko ohiturak aldatzeko. Berriz ere neke psikologikoa hizpide. Ondo etorriko zaie kanpoan dabiltzan denei egunerokoa beste leku batean eta beste eguraldi batekin egitea. Gainera, burua gehiago arintze aldera, on egingo zien larunbateko emaitzak, puntu bat uzta txikia izan arren Europarako bidean. Horrela idatzita eta kontatuta, eman dezake aditzera erdi oporretan dabiltzala hor zehar. Baina lasai, Jose Luis Mendilibar tartean dela, Valentzia aldean ere lana beltz ariko dira egiten, Iruñean bezala. Garai honetako nekeari aurre egiteko beste modu bat baino ez da kanpoan ibiltzea.

Aldaketak. Athleticen, neke psikologikoa ez da handia izango. Emaitza onek erasaten diote ongien neke mota horri. Eta emaitzetan, gutxi zuri-gorrienak baino hobeak denboraldi honetan. Bi final dituzte begien parean, eta horrek esan nahi du partida asko jokatu behar izan dituztela horraino iristeko. Kontuan izanik, gainera, Marcelo Bielsak ia beti jokalari batzuen alde egin duela, jokalari horietako batzuen neke fisikoa handia da. Horregatik, igandean, Zaragozan, gutxi jokatu dutenen alde egin zuen Rosariokoak. Edo, kontrako aldetik azalduta, gehien jokatu dutenetako batzuei jai eman zien. Aulkian laga zituen Amorebieta, Javi Martinez, Susaeta, Muniain eta Fernando Llorente. Azkeneko biek bakarrik izan zuten gero minutu batzuk jokatzeko aukera. Atsedena banatzea erabaki zuen entrenatzaileak. Denboraldiko nekeak arintzeko, eta aste honetan beste bi partida gehiago jokatu behar dituztelako. Eta, batez ere, bihar zortzi delako Europako Ligako finala. Aldakatek ez zioten gauza onik ekarri taldeari. Ez da emaitzak eragindako baieztapena. Partidan zehar ikusi zen zerbait falta zuela taldeak. Norbait, kasu honetan. Baina oraindik onena falta zaio Athletici. Tituluak eskura dauzka, eta nekea gehiago ez pilatzeko, ondo egin zituen aldaketak hamaikakoan Bielsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.