Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik

Onena? Ohean geratzea

2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Egun batzuetan hobe izaten da ohetik ez jaikitzea; zuek ere izango zenuten noizbait sentsazio hori. Ba, horrela ibili naiz ni etapa guztian. Bezperako ahaleginaren biharamuna eduki dut. Ihesaldian sartuta, egurra hartu zuen gorputzak bezperan, eta banekien egun gogorra neukala zain. Esnatu naizenetik konturatu naiz gorputza ohi baino nekatuago zegoela. Bagenekien irteera azkar samarra izango zela, ihesaldia helmugara irits zitekeelako. Eta hala gertatu da. 50 kilometro egin ditugu egurrean, ihesaldia gorpuztu arte.

Baina ondoren ere ez da lasaitasunik izan. Bi minuturen aldea lortzearekin batera, Lotto eta Argos Shimano lanean hasi dira tropelean. Ihesaldian ez dute inor sartu, eta esprintean iritsi nahi zuten. Egurra, berriz ere. Ihesaldiko txirrindulariak bete-betean aritu dira, eta tropelekoak ere bai. Horrelako etapak izaten dira okerrenak. Guztiok nahiago ditugu mendiko etapa gogorrak horrelakoak baino, hasi eta bukatu ez dugulako atsedenik izan.

Eta, horrekin nahikoa ez, eta helmugara iristeko 20 kilometro falta zirela errepidean zegoen zulo handi bat harrapatu dut. Bi gurpilak txikitu ditut, eta aurrera egin nezakeen arren, atzeko gurpila airea galtzen ari zela konturatu naiz. Behin bizikleta aldatuta, ezinezkoa izan da tropelean sartzea, eta lasai samar egin ditut azken kilometroak, indarrak gordez.

Taldean urduritasuna nabari da, hiru etaparik gogokoenak datozelako. Bereziki prestatu ditugu etapa horiek, eta gehientsuenak igotzaileak izanik, bertan ibili beharko genuke ondoen. Gogotsu gaude, eta saiatu, behintzat, saiatuko gara ihesaldietan sartzen eta ikuskizuna ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.