Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Oporrik ez!

2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Maiatzaren bukaera arte lanean. Oraindik ezin da erabat baieztatu, baina zeruak eta lurrak bat egin beharko lukete hiru euskal taldeak kanporaketetan ez egoteko. Baskoniak hirugarren postuan bukatuko du liga erregularra, ziur, eta Lagun Arok eta Bizkaiak laugarren eta zortzigarren postuen artean. Biek bi garaipenen aldea dute 9. postuarekiko, CAIren esku gaur, eta puntu aldea ere oraingoz euskaldunen aldekoa da (bihar Miribillan jokatuko du Aragoiko taldeak). Jakina, laugarren edo zortzigarren geratzea ez da berdina, baina Donostiako eta Bilboko taldeen partidei bezala begiratu beharko zaie beste guztiei. Sevillara, adibidez, bihar, Banca Civicak eta Valentziak elkarren aurka jokatuko baitute bihar. Norgehiagoka zuzen horiek erabakigarriak izango dira, euskal taldeek irabazten badute. Liga bukatzeko bi aste eskas geratzen direla, oso litekeena da azken laurdenetan euskal derbi bat jokatzea. Gasteizen jokatuko dira hiru partidetako bi, hirurak jokatzen badira. Bigarrena, Bilbon edo Donostian. Erantzuna, maiatzaren 6an.

Indarra. Sito Alonsok bere prentsa agerraldietan erakusten duena. Sergi Vidalek orkatila behartu zuen 28. minutuan, eta ez zen itzuli kantxara. Makuluekin joan zen aldageletara, eta, jakina, kazetariek kataluniarraren egoerari buruz galdetu zioten: «Gaizki dago, baina ez nau arduratzen. Ondo badago, jokatuko du, eta, hala ez bada, beste batek hartuko du haren lekua. Talde honek ezin du denborarik galdu damutzen». Kanporaketei buruz, noski, hitzik ez. Lortzen duenean hitz egingo ote du? Etzi Fuenlabrada menderatzen badu eta CAI Zaragozak Bilbon galtzen badu, egina dauka Lagun Arok. Perspektiba apur bat, badaezpada. Abenduaren 4an 2-8ko balantzearekin zegoen. Gaur, 17-13 da haren marka. Eta taldea, sasoi onean. Jaroslav Korolev laguntzen hasia dela, Salgado egurrean eta Panko lanean, Betts eta Doblas mina egiten, eta Lorant partida hausten. Langile talde fina.

Baikortasuna. Gescrap Bizkaiak helarazten duena. Valentzian partida garrantzitsua galdu zuelako, baina gaizki jokatuta ere garaipena lortzeko aukera izan zuelako azken unean, Mumbruren hiruko urrun baten bitartez. Erreboteetan eskas, portzentajeetan oro ondo ez, ohiko opariak, eta parean, gaur-gaurkoz ligako jokalari onena dena: Nik Caner-Medley. Turkian urtean bi milioi dolar jasoko omen ditu datorren denboraldian. Bizkaiak egutegi zaila du, baina azken zazpi norgehiagoketatik sei irabazi ditu, eta Miribillan haiek garaitzea ez da erraza izango CAI eta Unicajarentzat. Azpimarratzeko modukoa Malaga aldetik Bilboko taldearen aurka hartu duten jarrera oldarkorra, Euroligako A lizentziak direla eta. Etzi zortzi argituko da sasoi honetan bietan zein talde den indartsuena, baina jokatu gabe ere jakina da: kamiseta beltza daramatenak. Igandean Illunben nabarmenduko den kolorea, Bizkaitik mila zale pasa joango baitira Donostiara euskal derbia ikustera.

Bai, baina ez. Baskoniak hirugarren postua ziurtatu zuen Murtzia menderatuta, baina ezin esan zaleak kontent joan zirenik etxera, ustez askoz apalagoa den taldeak lanak eman zizkiolako etxeko taldeari. Eskerrak Brad Olesonek saskia igerileku handi baten pare ikusi zuela, eta Lampek Prigioni eta Pau Ribasen asistentziak ondo bukatu zituela, bestela... Prigionik tendinitisa dauka sorbaldan, eta alarma gorria piztu da taldean. Atsedena behar du, eta litekeena da ligako azken partidak ez jokatzea. Horrek esan nahi du Thomas Heurteli minutuak eman beharko zaizkiola, eta neurria emango duen edo ez jakin aurretik, zurrumurru franko ernatu da Gasteizen. Frantziarra lehen urtea txarra egiten ari baita Gasteizen. Pau Ribasi prestatzen hasteko esan omen dio Ivanovicek. Etzi lehen proba, munduko zailena: Bartzelona Palau Blaugrana. Astindu latza, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.