Azkenean bai, azkenean hasi da TKE liga. Bordeleko ikuskizun lotsagarri bezain sinestezina pasa ondoren, badirudi gauzak bere onera etorri direla, eta lehia erabat bueltatu dela Kantauri aldera. Bi estropada jokatu ditugu; bi estropada oso gogor, egia esateko.
Larunbatean, Camargoko uretan izan ginen. Frogatuta geratu zen ur gogorrak direla hangoak, eta horri, gainera, haizearen eragina gehitzen badiogu, itsasoa exijentzia handiko estropada eremu bilakatu zen. Nabarmena izan zen txanda eta kaleen arteko ezberdintasuna. Izan ere, erdiko kaleek ur gehiago zutela zirudien, eta izkinetatik jokatu zutenek arazo gehiago eduki zituztela lan txukuna egiteko. Laugarren kalea izan zen guztietan kalte handiena izan zuena. Hori gutxi balitz bezala, lehenengo txandan arraun egin zuten traineruak haize gehiagorekin aritu ziren, eta horrek aldeak handitu zituen beste txandakoekiko.
Igandeari dagokionez, erlojupeko proba izanda, ezinezkoa zen kaleen arteko ezberdintasuna egotea. Baina egon ziren txanden arteko aldeak, bai behintzat, korronte, ur maila eta haizeari dagokienez. Hala ere, ezberdintasun horiek ez ziren hain nabarmenak izan. Nik uste bigarren eta laugarren luzeetan denok antzera sufritu genuela Guggenheim pareko bihurgune horretan. Olagarro batek palari heltzen ziola zirudien.
Hurrengo astean, Galiziako uretara bidaiatuko dugu; Moañara, hain zuzen ere, Euskal Herriko eta Kantabriako taldeentzak horrek dakarrenarekin: bidaia luzea, deserosoa. Hori bai, gauza baterako balio digu, konturatzeko zer-nolako sakrifizioa egiten duten astebururo Tirango arraunlariek eta baita Galiziako klub horretan musu truk lan egiten duten guztiek ere.
Lehiaketari dagokionez, behin estropada hauek jokatuta, egongo da aukera ikusteko talde bakoitza non egon daitekeen. Izan ere, denboraldi honetako bi estropada bakarrik jokatuta, ez baitago batere finkatuta traineru bakoitza noraino hel daitekeen, eta amaiera arte mugimendu asko egon daitezke sailkapen nagusian.
Trapailazko olatutik
Oraingoan bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu