Hankaz gora. Halaxe dago Espainiako liga. Kluben zorrak direla, partiden ordutegiak direla eta beste hainbat kontu ezkutu dela, itxura txarra dauka lehiaketaren atzean dagoenak. Gureak hor daudelako, bestela begiratu ere ez egiteko gogoa ematen du, garbi esanda. Hor daude, bai, gureak. Azkeneko hiru lekuetan. Atzetik aurrera, honela: Reala, Osasuna eta Athletic. Ligaren moduan daude: hankaz gora.
36 partidako lehiaketa. Realarena aurrez ikusten zen. Bartzelonak indartsu ekin behar zion lanari, joan zen denboraldikoa ez gertatzeko. Ezin ditu puntuak oparitu Real Madrilekin duen ligaren barruko (edo kanpoko?) beste liga horretan. Joan, zelaian ibili batera eta bestera, korrika mordoa egin, baloia lau aldiz ukitu, belarrondokoa jaso eta etxera. Horra Bartzelonarako bidaia plana. Realak eman dio hasiera ligaren kudeaketa txarrak antolatzen duen txangoari. Beste guztiei ere egokituko zaie bidaia bera, Real Madril beste boteretsuari izan ezik. Beste inon gertatzen ez dena dauka Espainiako ligak: partiden kopuruari bi kendu behar zaizkio. Bartzelonakoa eta Madrilgoa. Alferrik joatea da leku horietara. Realaren liga datorren larunbatean hasiko da. Bai, 36 partidako hori.
Suak, aurretik. Erre usaina dago Athleticen inguruan. Ez da ulertzen erraza. Joan zen denboraldi bikaina igaro zela ez da denbora asko, hortxe dago, bertan, eta harekin gozatzen segitu ordez, dena pikutara joan da. Joanarazi dute, hobeto esateko. Uda negargarria doa. Bielsaren eta zuzendaritzaren arteko kalapitekin hasi ziren suen festak. Itzali zuten, baina garrak beste nonbait zabaldu dira orain. Javi Martinez ba omen doala, Fernando Llorentek ez duela berritu nahi, zale gutxi batzuen neurrigabeko erantzuna... horra berriz ere sua. Eta suari indarra bizitzeko, igandeko emaitzak erregai gehiago eman dio. Festen hasiera txukuna izan zen San Mamesekoa. Egitarautik kanpo dabiltza aurten suaren inguruko jaiak Bilbon. Danbateko latza jo zuen Betisek, Beñat buru zuela. Minari zauria zabaltzeko, to Beñaten maila. Sua itzaliko duenik badagoela eta, itxaropenak zirrikitua ireki du, ordea: taldean geratuko direnen konpromisoa erabatekoa izango dela argi geratu zen igandean, eta zaleak ere laguntzeko daude. Suari ura.
Apalen kantua. Asko dira Espainiako ligan boteretsuak ez direnak. Talde ugariren helburu nagusia da ez jaistea. Multzo horretan dago Osasuna. Hitzetik hortzera erabiltzen dute helburuarena denboraldian. Irabazten dutenean, gertuago dutela adierazten dute. Galtzen dutenean, lanean segitu behar dutela, asmo nagusira gerturatzeko. Beste kantu hau ere ezaguna da apalen artean: itxura onari abesten diote. Galdu dutenean entzuten zaie. Ez beti; batzuetan bakarrik. Ondo jokatu dutela kantatzen dute, baina ez dutela asmatu golak sartzen. Lehiaketa hasi orduko entzun da doinu hori. Osasunak ondo jokatu zuen Galizia aldean, baina haizea kontra izan zuen gola sartzeko orduan. Apalen kantuak eta kontuak, oraingoan zelten kutsuarekin.
Behekoak goian. Abuztua bukatu gabe denean oraindik, gauzak lasai hartzeko garaia da. Estutasunak geroago helduko dira, heltzen badira. Baina izango da jendea estu dabilenik, gure hiru taldeak azkeneko hiru lekuetan ikusita. Egon daitezela lasai. Eta lasaitzeko gai ez badira, Ozeanian egiten dutena izan dezatela gogoan: munduko mapa hartuz gero, goitik behera jarrita, Zeelanda Berria da behe-behean dagoen herrialdea. Azkena. Australiarrek adarra jotzen diete, munduko azkenak direlako. Ez dira asko larritzen, ordea, bizilagunen isekekin. Mapa hartu, buelta eman, eta buruz gora jartzen dute. Behekoak goian. Azkena aurrena. Eta australiarrak euren azpian. Erraza da: eman buelta sailkapenari; goian daude Reala, Osasuna eta Athletic.
Aulkitik begira
Ozeaniako mapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu