Uztaila bukatzearekin, kirol paisaia aldatu egin da. Gurean, arraunlariek ez dute jada estropaden atariko kafetxoa txirrindularitzaz eztabaidatzen hartuko. Orain, taekwondoan, waterpoloan, pisu jaurtiketan aditu bihurtuko dira,tibortei heldu aurreko urduritasunak sosegatzeko. Baina estropadek eurek ere itxura berria hartuko dute. San Miguel ligan, esaterako, traineru txapelketek geldiarazi egingo dute jarduna, mugarri bihurtuz. Gero, beste janzkera batekin itzuliko da liga. Une egokia da, beraz, argazkia ateratzeko; hori bai, flasha jarrita.
Eremu lauek eta erlojupekoek ez dute garailea erabaki; baina bai nork ez duen irabaziko. Esprinter onena Hondarribia izan da. Erlojuaren kontra azkarrena, Kaiku; eta hala atera du, gainera, orain duen abantaila: bakarkako bi saioetan bidasoarrei bost puntu aterata. Etapa aldapatsuak datoz orain; olatuak, bagak... Haietan erabakiko da bietako zeinek eramango duen koroa. Liga seiko bi multzotan bana liteke. Goikoan, Urdaibaik bi berdeekin podiuma osatu nahiko du; Tiranek eta San Juanek liga txanda nagusian bukatu; eta San Pedrok horiek guztiak zirikatu. Horrez gain, estropada bakoitzean bi faboritoei bandera lapurtzera aterako dira laurak, gai baitira.
Behekoan, Zierbenakoak, herioan, igandekoaren pareko saioak egitera irtengo dira; eta gehienok hori opako diegu. Beste bostak estu dabiltza, bi zentzutan; zortzi punturen tartean egonda, arazo bat baitute. Zumaiak, suspertuta, aurreko lauren alarmak piztu ditu; Astillero eta Pedreñarena, batez ere. Castro erregularrago dabil —arraunean oso txukun, nire ustez— eta Portu saio oso onak egiteko gai da. Bostek estutu beharko dute, ordea; kanporaketak saihesten saiatu, behekoak indartsu baitatoz. Izan ere, Orio datorren urtean TKEn izango da, noski; eta Sotera ere ez da urruti ibiliko. Bigarren postua sendotuta, onenen artean lehiatzeko argudioak erakutsi dituzte santurtziarrek.
Abuztuarekin, arraun paisaia berria sortu da. Orio eta Castro; gero, Hondarribia, Zumaia, Zarautz… Finean, itsasoa. Eta ortzi-mugan eta denon ahotan, Kontxa.
Arraun-minez
Paisaia berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu