Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Polita!

2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Igande eguerdi bikaina. Saskibaloiak Euskal Herrian daukan osasun sendoaren ispilua izan zen Illunbe. Miribillan eta Barakaldoko Bizkaia Arenan sarritan gainditu dute 10.000 ko kopurua, bost zenbakiko kopurua. Eta Araban ere bai; asko ez Buesa Arena eraberrituan. Illunben behin bakarrik gainditu dute kopuru hori, orain dela urte batzuk Baskoniak han jokatu zuenean. Bizkaiaren zaleak kontent irten ziren; Lagun Arokoak, ez hainbeste, garaipenak poltsikoan zutela ihes egin zielako azken unean. Gaur, Bartzelonaren aurkako azken laurdena ikusten da, baldin eta gipuzkoarrak zortzi onenen artean sailkatzen badira. CAI Zaragozak bi partidetako bat galtzea falta da, edo Lagun Arok bietako bat irabaztea. Egina dagoela diote denek, baina lehenbailehen egitea onena. Ilunabarra askoz itsusiagoa izan zen Gasteizen, trumoi soinuarekin Ivanovicen ahotan. Bartzelonan partida bikaina jokatu ondoren, sasoi honetan hainbestetan ikusi den Baskonia trakets, baldar, gogogabe hori ikusi zutelako zaleek, eta Joventut apalaren aurka galdu, hark jokoan ezer gutxi zeukala.

Illunbe. Luze gogoratzekoa izango da Illunben igandean ikusitako ikuskizun aparta. 1.200 lagun pasa elastiko beltzarekin, Gescrap sutsu animatzen, eta etxekoei aurrea hartuz sarri. Ohitura handiagoa dute, aukera gehiago, eta gipuzkoarrak, berotu ezinik. Harmailak lepo, oihuak han eta hemen, poza eta tristura, eta emozioa borborka. Bizkaiak askoz hobeto jokatu zuen 32 minutuan, baina sufritu egin zuen. Zergatik? Honatx erantzuna: «Lagun Aro lehiatu egiten da. Beti!». Partida esku-eskura izan zuten donostiarrek, sei punturen aldea, jabetza eta minutua jokatzeko. Baina kale egin zuten. Doblasek, inoiz huts egin ezin den txikitzea, Salgadoren gidaritza txarra eta oparitutako baloia, Mumbruren zortea, eta Vidalen saririk gabeko kemena, azken lau segundoetan. Porrot mingarria da, Lagun Aro Bartzelona edo Real Madrilekin parekatuko duelako azken laurdenetan. Garaipenarekin horiek saihesteko aukera zeukan, baina... Ikasteko ere balio dute halakoek, partida bukaeretan bizitzan bezala muturrekoak hartuz ikasten baita. Banca Civica Sevillan etzi eta Kanaria Handia igandean Illunben (18:00): Gipuzkoarren liga bukatu aurreko menua. Bietatik bat irabazi behar da, sasoia maiatz bukaerara arte luzatzeko. Fedea!

Seigarren, eta gora begira. Merezimendurik ezin kendu Bizkaiari. Hobeto jokatu zuen, eta ia partida osoan aurretik joan zen Donostian. Derbia aldapa gora jarri zitzaionean ere beti saiatu zen aukera onena egiten, Mumbru, Banic, Vasileiadis edo Jacksonen bitartez izan. Bolada gozoan daude, zortzitik zazpi irabazi dituzte eta laugarren dira. Hirugarren ere izan daitezke, Baskoniaren jarrera epela ikusita, baina laugarrenarekin konforme. Valentzia edo Banca Civica zain, eta partida erabakigarria etxean, azken laurdenetan hiru handietako bat hartu eta finala jokatzeko asmoz. Lagun Arok korrika ez egitea lortu zuen Katsikarisek, baina Donostiako taldeak emandako zailtasunak onartu eta goraipatu zituen. Ondo, era berean, Sito Alonso, taldeak eman zuen itxurarekin harro azaldu zelako. Hutsak huts, jokalariak babestu zituen, eta egiten ari direna handia dela esan zuen. Arrazoi horretan ere, baina derbia Lagun Arok galdu zuen, eta hori onartzea ere ez da hain txarra.

Galduta. Ezin jakin sasoi honetako Baskonia zertan den, zer nahi duen eta hori lortzeko moduan dagoen. Loreak jaso zituen Bartzelonan, aspaldi ikusi gabeko eraso joko ikusgarria erakutsi zuelako. Atzo, berriz, porrota, 66 puntuko uzta eskasa eta zalantza asko. Ivanovicek Maciej Lampe partidako une erabakigarrian aulkian utzi izana, adibidez, jokalari onena bera izan zen arren. Zer esan Heurtelen gidaritza faltaz, Ribas eta Olesonen dinamita faltaz, Milko eta Nemanja Bjelicaren odol faltaz, Nocioniren antsietateaz edo Teletovicen jarrera epelaz? Ivanovic, noski, sutan. Eta zaleak, noski, sutan. Taldearekin eta Ivanovicekin. Kontuz, desastrea handiagoa izan liteke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.