Egun berezia zen gaurkoa [atzokoa] niretzat, Kontxako sailkatze estropada zelako jokatzekoa. Traineruek ia urte guztia zuten jokoan, eta, zoritxarrez, San Pedro ez da igandean ariko. Olatuetan galdu egin dira, hain zuzen ere, ni Galiziako uretan galdu naizen bezalaxe, kostan zehar ibili bainaiz.
Egun txarra izan da sanpedrotarrontzat arraunean, eta txirrindularitzan ere ona ez. Ihesaldiak denbora apur bat hartu arren, tropelean interes asko zeuden, eta kalkulatzen nuen minutu eta erdiko aldea beharko nuela etapa garaipenerako aukerak izateko. Erasoa jo dut amaieran, baina banekien ia ezinezkoa nuela ezer lortzea. Iheslarien artean ikusten nuen besteak baino hobeto nengoela, baina pena izan da. Saiatzen jarraitzea izango dugu onena; dena den, pozik egoteko arrazoiak baditut. Saria etorriko da.
Igor Anton ahalegindu da aurrera egin eta zerbait handia egiten, baina oso zaila zegoen. Fresko sentitu da, baina Purito eta gainontzekoak indartsu daude.
Bestalde, aipamena egin nahiko nieke bai irteeran eta bai ibilbidean zehar ere nire aldeko pankartak jarri dituzten guztiei. Egia esan, etxetik hain urrun ere animoak edukitzeak harritu egin nau, baina ondoren konturatu naiz nire kuadrillakoek badutela harremana Pasaiako portura iristen diren hainbat marinelekin. Marinel gehienak galiziarrak dira, baina San Pedron bizitza askok egiten dute.
Kuadrillakoekin parrandara-eta sarri ateratzen dira, eta nahiz nik gehienak ez ezagutu, Aupa, Astar izeneko pankartak ikusteak ilusioa egin dit. Astar irakurri dudanean ohartu naiz nire inguruko norbait bazela hor, txikitan jarri zidaten ezizena baita hori.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik
San Pedro eta ni, antzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu