Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik

'Sarri-sarri' entzun, eta denak harrituta

2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ez da nobedaderik egon etapan: zirkuitua, beroa, ihesaldia, esprinta... Telebistaz ikusten denaz aparte ezin dut ezer kontatu. Egun lasaia izan da, talde denen gidoia bete baita. Beraz, autobuseko anekdota bat kontatuko dut. Tourrean egin nuen bezala, musika kontuak aipatu nahiko nituzke.

Egun hauetan bakailaoa eta halakoak entzuten ibili gara, nik atsegin ez dudan musika, alegia. Baina gaur [atzo] nire gustukoa ipini du autobus gidariak mp3 baten bidez, irteera lerrora gindoazela. Zirikatuz, etapa nik irabazteko jarri didala esan dit. Egia esan, musika egokia da erlaxatzeko eta lehiari lasai ekiteko. Bada, bereziki niretzat jarritako Kortaturen Sarri-sarri abestia entzun dugu denok.

Ohikoa dudan bezala, kantari joan naiz autobusean. Pixka bat emozionatu ere egin naiz, egia esan. Gainontzeko taldekideek aurpegi arraroarekin begiratzen zidatela konturatu naiz. Galdetu diet ea ez ote zuten abestia ezagutzen, eta baietz erantzun didate, entzuna zutela. Entzuna bai, baina hortik aurrera ezer ere ez. Letraren usainik ere ez zeukaten. Ni harrituta geratu naiz.

Euskal Herrian hain ohikoa den kantuaren istorioaren berri ez zeukan inortxok ere. Nik azaldu egin diet Joseba Sarrionaindiari eginiko abestia dela. Kontatu diet nola egin zuen ihes Martuteneko espetxetik bafle baten barruan sartuta, eta haren omenez eginiko kantua zela. Inork ez zuen istorioaren berri.

Belaunaldi gazteek gero eta gutxiago irakurtzen dute paperezko edizioa, eta digitalari egiten diote kasu gehiago. Baina gero eta jakintza gutxiago dago euskal kulturaren inguruan. Esaterako, Mikel Landa ni baino hamar urte gazteagoa da, eta zer pentsa eman dit deus ez jakiteak. Ni urteetan aurrera noa, gero eta esperientzia gehiago daukat, eta badaukat zer irakatsia taldean.

Bestalde, zurrumurru bat atera berri da, Jure Kocjan Euskaltelek fitxatuko ote duen. Nik prentsan irakurri dut, baina talde barrutik ez digute ezertxo ere esan. Egia esan, albistea plazaratu duen iturria ez dut uste oso fidagarria denik, baina ez nintzateke harrituko fitxaketa hori gauzatzea. Beste izen bat ere atera zen orain gutxi, baina badirudi ez dela etorriko. Niri berdin zait esloveniar bat fitxatzen den edo madrildar bat. Behin Euskal Herritik kanpo fitxatzen hasita, berdin zait txirrindularia nongoa den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.