Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

'Showtime'

2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ikuskizun latza. Aho bete hortz geratu ziren Illunbera joandako zaleak, eta Lagun Aroren zale ez zirenak, Baskoniakoak, gehiago. Zer esanik ez Gasteizko kazetariak, arrain txikiak hankapean ibili baitzuen talde handia. Joko erakustaldi itzelarekin. Defentsan estutu, errebotea irabazi, eta korrika egin. Trantsizioan ikusgarri jokatu zuen Lagun Arok, eta joko estatikoan ere ondo, aise, geraezin. Gaur-gaurkoz, ligako talde onena dela esan daiteke. Illunbera joandako 8.000 zaleak gustura joan ziren etxera, eta zaharrenak 1980ko hamarkadako Showtime-arekin gogoratu ziren, Lakersek egiten zuen joko ikusgarriarekin, eta txalo zaparrada handi batekin agurtu taldea. Bizkaiaren garaipenak showtime-tik gutxi eduki zuen, baina Mavroeidis, D'Or Fischer eta Grimau gabe, meritu handikoa, zortzi onenen arrastoari jarraitzeko. Astebete pasa falta da Euroligari berriro ekiteko, baina ezin da perspektiba galdu. Ligak Euroligak baino balio handiagoa du orain.

Begiak igurtzi eta igurtzi. Lagun Aro Baskoniari ematen ari zitzaion astindua ez sinesteko modukoa zelako. Ez erraz, eroso ari zelako, joko ikusgarria egiten ari zelako baizik. Eraso jokaldi ia guztietan lortzen zuen etekina, baina jokaldi politenak defentsan lan ona egin osteko saskiratzeak izan ziren. Netok Heurteli lapurtutako baloia, adibidez, eta brasildarraren txikitzea. Doblasen txapela, eta pibotaren asistentzia bikaina Lorant taldekideak saskia txikitu zezan, edo Pankok sartutako hiruko bikaina taldekideek baloia bikain mugitu ostean, posizio onenean zegoen kidea bilatzeko. Showtime-a, baina gipuzkoar erara. Orain, olatuaren aparrean, Sito Alonsoren erabakiak, arriskuak goraipatu behar dira. Lander Lasa gazteari hasieratik zortzi minutu ematea, San Emeterio eta Pau Ribas zaintzeko, Vidalek arazo fisikoak zituelako. Denak garrantzitsu sentitzea nahi du entrenatzaileak, eta kontent daude jokalariak. Zaleak ere bai, noski. Alacant eta Real Madril dira hurrengo erronkak. Alacanten irabazten badu, Real Madrilen aurka Illunbe lepo betetzea a erronka.

«Borondate kontua da». Lagun Arok Baskonia txikitzen zuen neurrikoa zen harridura, arabarrak erakusten ari ziren jarrera epela ikusita. Donostiako taldea sasoiko egonda ere, ez delako normala lehen zatian 50 puntu hartzea. Batez ere partidako 68 bakarrik jasotzen dituela aintzat hartuz. Galduta ibili zen Baskonia, gainera zetorkion erauntsia nola eten ez zekiela. Dusko Ivanovicek epaia bota zuen prentsa aretoan, eta, beti bezala, ahobizarrik gabe: «Erreboteen kasuan bezala, defentsa ona egitea ez da gaitasun kontua, nahi, grina kontua baizik. Nahi duenak egiten du, baina guk ez dugu egin nahi izan, eta gainetik pasatu zaizkigu». Taldeko aktore nagusiak itzali samar ibili ziren, batez ere Pablo Prigioni lemazaina, baina horren erruduna Lagun Aro da. Bartzelonak eta Real Madrilek ere galdu egin zuten, behintzat, eta sailkapeneko lehen bi postuak eskura jarraitzen dute oraingoz. Urrun, baina eskura.

Balio handiko garaipena. Bizkaiak lortutakoa. Hiru partida jarraian galtzetik baitzetorren, boladaka jokatzen duen talde arriskutsuaren aurka, eta hutsune garrantzitsuekin. Jakinak ziren Roger Grimau eta D'Or Fischerrenak, baina Mavroeidisek ere ez zuen jokatu. orpazurdan mina zeukalako. Aaron Jacksoni injekzio bat eman behar izan zioten belaunean zuen mina bi orduz kentzeko eta jokatzeko moduan egon zedin. Gaur esango dute Mavroeidisen lesioa larria den, baina itxura hori du, eta hutsune handia da. Baldintza horietan, Banic kapitainak hartu zuen aginte makila, beste askotan bezala, eta 26 puntu saskiratu; hala, jardunaldiko jokalari onena izan zen. Hervellek eta Raul Lopezek ere lan ona egin zuten. Estudiantes da azken geltokia, Moskura joan aurretik, baina liga ezin da ahaztu. Ahazten badu, gutxienez bi urte itxaron beharko direlako CSKA Mosku berriro Bilbon ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.