Danel Agirre.
SASKI DA!

Sitoren erabaki suizida hura

2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hondoratzeetan aditua. Sito Alonsok Donostian eman zituen azken asteak zeharo itsustu zituzten gaizki-ulertuek. Harmailak ez zion barkatu nahi izan testuinguru korapilatsua zuen kluba utzi eta are kirats okerragoa zerion arerio intimoaren aulkira jauzi egitea. Miribillako aro berriari anbizioz betetako hiztegiarekin ekin zion Sito Alonsok. Horrenbeste, antzezten ari zelako itxura ere ematen baitzuen. Bilbo Basket desagertzear egon zenean ere, Sito Alonsok ez zuen bere erabakiaren zuzentasunaz inongo zalantzarik azaleratu nahi izan. Bederatzi hilabete geroago, irribarre txikiarekin izango da ziur aski. Beltzezkoek hamaikagarren salbamendu-txalupa aurkitu berri dute, eta proiektua tentetzen saiatzera doaz. Gipuzkoa Basketen etorkizun instituzionalak ezin ilunagoa dirudi.

Biktimismoaz. PSE hauteskunde kanpaina bat taxutzen ari da Gipuzkoan, lurralde horrek Bizkaiarekin alderatuta ustez duen diskriminazioaren inguruan. EAJri «jaiotzetiko bizkaitartasuna» egotzi dio, besteak beste. Arrazoibide biktimista da, baina badu bere publikoa. San Mames berriaren itzala galanta da, eta politika egiteko ere baliatzen da noski. Ez litzateke harritzekoa Denis Itxasok mitinen batean Bizkaiko eta Gipuzkoako saskibaloi kluben egoeren arteko alderaketei minutu pare bat eskaintzea. Kudeaketa ezin arduragabeagoa izan duen Bilbo Basketek behin eta berriro topatu izan du oxigeno botilaren bat azken urteotan. Batzuetan, zuzenean, erakunde publikoek eman diote arnasa. Une aproposenean iritsitako oxigeno botila pribatuak ere ez dira falta izan. Biktimistek eta konspirazio zaleek Dominion/CIE Automotive babesle berriaren atzean EAJren itzal luzea ikusiko dute berriro. Errealitate gordina da, ordea, ez dirudiela Gipuzkoa Basketen elastikoan logoa ipintzeak aparteko erakargarritasunik duenik inguruko markentzat. Eta mezenasik gabe, bazkideen eta enpresa txikien ekarpenekin bakarrik, Donostian eliteko saskibaloi klub profesional bat edukitzea ez da bideragarria. Espainiako beste hainbat hiritan ere ez, baliabide publikoen xahutze etengabekoagatik ez balitz. Horregatik, «eta guretzat zergatik ez?» galdera eta biktimismoa oso gizatiarrak dira. Ederki dakite Gipuzkoako politikariek ere.

Pozez saltoka, 'alley-oop'-a. Kudeaketan duen trebetasunagatik, kontratuak nonahi lortzen ari omen da Dominion. Duela bost urteko hitzarmenak ordaintzeke dauden bulegoetan galtzak bete lan izango dute kudeatzaile berriek. Kantxan apurrik ere ez, halere. Modu harrigarrian zukutzen jarraitzen du Sito Alonsok lantalde mugatu samarra. Garaipenekin, bertigoa sentitu beharrean, hazten ari da gainera. Tobias Borgen aurrera egitea da horren adibide argia, eta larunbatean 1,84 metrorekin osatu zuen alley-oop bat, Miribillako euforiaren argazkia.

Bat falta, eta toki gutxiago. Davis Bertansen lesioak ondorio oso ageriko bat du. Baskoniak kantxan espazioak sortzeko zuen baliabide eraginkorrena, haren eskumuturraren mehatxua, galdua da. Haren antzeko beste piezaren bat iritsi ezean —zaila izango da, jokalari oso berezia baita—, gasteiztarren erasoko jokoa barneraketekin sor ditzaketen desorekak ustiatzean oinarrituko da. Hiruko jaurtiketan espezialistarik ez izanda, are bizitasun handiagoa beharko da uztaira bideak topatu ahal izateko. Valentziaren aurka, Bertans eta Tornike Xengelia gabe, konponbideak agertu ziren, nolabait. Edo Fernando San Emeteriok agerrarazi zituen, aspaldiko lehia osoena biribilduta.

Galbidearekin egoskortuta. Multzoari beste bultzada bat eman diezaiokeen ale baten bila hasita, defentsan ipini beharko luke arreta Baskoniako idazkaritza teknikoak. Hilabeteak igaro, eta arlo horretan aurrerabiderik gabe jarraitzen dute gasteiztarrek. Milango hirugarren laurdena etsigarria izan zen, aurkariak 35 puntu pilatu baitzituen. Irabazita ere, igandeko azkenekoaren traza antzekoa izan zen. Valentziako Nemanja Nedovicek hemezortzi zakuratu zituen minutu gutxian, eta parean zegoen inork ez zuen hura indargabetzea zeukalako zantzurik azaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.