Gogorra, mugitua eta arraroa izan da etapa. Argi zegoen iheslariek aukera ona zeukatela helmugara iristeko, eta hala gertatu da. Horregatik kostatu da hainbeste gorpuztea. Hasieran taldekideak lanean jarri ditu Puritok, kontrol lanean, baina argi jokatzen saiatu da gero. Casarri edo Santaromitari maglia arrosa oparitu nahi zien. Baina, gauza bategatik edo besteagatik, italiarrek ez diote utzi. Lanean hasi dira bi taldeak, Puritok lider jarrai zezan eta hurrengo etapetan taldekideek nekea pila dezaten. Ez da lehen aldia, baina eurak ere dezente nekatu dira hori lortzeko.
Nik, berriz, sutan bukatu dut etapa. Gurpil izpi bat hautsi zait azken mendatera igotzen hasi aurretik, baina ezin izan diot abisatu autoari, irratia eurei eman diedalako lehentxeago, funtzionatzen ez zuela eta. Hilabete asko daramat arazo mekanikorik gabe, eta unerik okerrenean, orduantxe hautsi zait! Renshaw zetorren atzetik, minutu batera, eta hark eman dit gurpila. Bete-betean egin behar izan ditut gero igoera eta jaitsiera, eta amaieran egin dut bat tropelarekin. Taldekide batek, aurretik, ez dit eman gurpila, bere hitzetan ez diodalako eskatu. Horregatik eman behar izan dit gero Renshawk.
Slagterrek eta biok daukagu sailkapen nagusia buruan, eta ez dut uste gurpila eskatuz ibili beharra daukagunik. Esperientzia pixka bat daukanak eta profesionala denak ezer esan gabe ulertzen du hori. Baina 23. itzuli handia dudala uste dut, eta egunero harritzen naiz zerbaitekin. Sutan jarri naiz, eta horrela jarraitzen dut. Tamalez.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Sutan taldekidearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu