Lehenengo egunean aipatu nizuen Euskal Herriko Itzulia irabaztera gentozela, eta lortu dugu. Ederra izan da! Lehenengo egunetik liderra geure taldekoa balitz bezala aritu gara lanean, eta sari handia jaso dugu azkenean. Bi etapa garaipen eta sailkapen nagusia eskuratuta, Samuel Sanchezek biribildu egin du talde guztiak aste osoan egin duen lan ona. Pentsatuko duzuen bezala, Samuelek erlojupekoari ekin baino ordubete inguru lehenago amaitu ditugu lanak taldekide gehienok (Gorka Izagirre eta Igor Anton ez dira abiatu, Zornotzarako indarrak gordetzeko), eta dutxatu, ogitarteko bat jan, eta autobusean bertan egon gara Samuelen lanari begira. Txirrindulariak, mekanikariak, masajistak, zuzendarietako batzuk... Hogei bat lagun bageunden autobusean, eta tentsio handiarekin bizi izan dugu ordu erdi luze hori.
Euskal Herrian ezinbestekoa da aldapak egotea, edozein lekutara joanda ere aldapak daudelako. Antolatzaileek ibilbidea ez dute prestatzen txirrindulari jakin bat buruan dutela, baina Samuel Sanchezentzat egoki-egokia zen erlojupekoa. Aldapa dezente zeuden ibilbidean; hasieran bi, eta amaieran beste bat. Eta, egia esan, sufritu egin dugu telebistari begira.
Baina irabazi duela ikusi dugunean, besarkada beroak eman dizkiogu elkarri; garrasika hasi gara denok autobusean. Oso gogorra izan da astea. Ibilbidea bera ikusi duzue nolakoa izan den, eta, horrez gain, eguraldiak ere eragin nabarmena eduki du: euria, hotza, haizea... World Tourreko lasterketa izaki, munduko txirrindulari onenak elkartu dira beste behin ere Euskal Herriko errepideetan, eta ez da erraza izan Itzulia irabaztea.
Eta gaurko analisi hau ez nuke amaitu nahiko, beste behin ere, zuek denok gogoan eduki gabe. Izugarria izan da errepide bazterreko giroa. Euria ari zuen, eta hotz egiten zuen Oñatin. Baina munduko onenen pare daudela erakutsi dute, berriz ere, Euskal Herriko zaleek. Euskal txirrindularioi, bereziki, indar handia eman diguzue, eta aldaparik gogorrenetan ere ez zaigu babesik falta izan. Mundialak zarete. Zorionak denoi!
Euskal Herriko Itzulia. Seigarren etapa: Oñati-Oñati. Nire txokotik
Tentsioa... eta besarkadak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu