Pirinioak igarota, Tourra erdi amaituta dagoela esan daiteke. Egia da oraindik bi etapa eta erlojupekoa geratzen direla zerbait argitzeko, baina gehiena erabakita dago. Wigginsek daukan abantaila nahikoa du Tourraren jabe egiteko, erlojupekoan ere onenetakoa hura baita, eta podiuma ere osatuta geratu da Froome eta Nibalirekin. Hortik atzera badago oraindik mugimenduak egoteko aukera, lehen hamarretan bereziki. Evans eta Zubeldia postu baten gorabeheran ibil daitezke.
Nabarmenduko nuke biharko [gaurko] etapan mugimenduren bat egon daitekeela, baina sailkapenaren aurreko aldean daudenek ez dute aukerarik izango. Atzekoek bai, eta postu asko aurreratu ditzakete, gainera, normalean ihesaldia alde handiarekin iritsiko delako. Zaila izaten da halako etapa bat esprintean amaitzea, orain arteko esfortzuak ondorioak izaten dituelako.
Beraz, ikusleontzat Tourra ia-ia amaituta dago. Azken erlojupekoan beti esan izan dugu espezialista izatea ez dela garrantzitsuena, indartsu egotea baizik. Hortaz, sailkapen nagusian ongi daudenak moldatuko dira hobekien, eta aldaketa gutxi gertatuko dira.
Haimar Zubeldia dago zazpigarren postuan, eta nire aldetik zorionak ematea tokatzen zait. Bi aldiz sailkatu da bosgarren postuan Tourrean, eta aurten erelehen hamarretan sartuko da,34 urterekin; beraz, pozgarria da Usurbilgoa punta-puntan ikusi ahal izatea.
Atzoko etapari dagokionez, ez nuen amaiera ikusteko aukerarik izan, baina argi dago bi oilar talde berean edukitzea ez dela eramangarria izaten. Wiggins eta Froome, biak dira indartsuenak, eta auskalo talde barruan zer-nolako giroa daukaten. Iruditzen zait ez direla oso ongi moldatuko.
Eta Euskaltel-Euskadiren lana ere aipatu beharra daukat, goraipatzekoa baita. Beste talde batek bederatziren artean egin duen lana bosten artean egin dute.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Tourreko podiuma, osatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu