Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Txakalaldiren bat, ziur

2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Ongi etorriak izaten dira atseden egunak. Tourra kanpotik bizi duenarentzat ez da hain esanguratsua. Ziur asko, faltan botako du etapa telebistan ez ikustea. Baina lasterketan dagoenarentzat eskertzekoa da zinez. Dagoeneko, 2.500 kilometro baino gehiago egin dituzte txirrindulariek, eta, nahiz urte guztian Tourra prestatzen aritu, gogorra egiten da gorputzarentzat. Lehen atseden egunean nekeari buelta eman ahal izaten zaio, baina bigarrenean ez. Beraz, ongi etorriak dira etaparik gabeko egunak, baina atseden gutxi hartzen da.

Arriskutsua ere izaten da sarri atseden eguna, gorputza gehiegi erlaxatzen delako. Gainera, bihar [gaur]Tourreko etapa nagusia dago, eta fresko egon behar da. Argi dago entrenamenduan gorputzari astindu txiki bat eman beharra dagoela, ez ahazteko Tourrean lehiatzen ari dela.

Pirinioetako lehen etapari dagokionez, ziur nago txakalaldiren bat ikusiko dugula, atseden egunean gorputza gehiegi erlaxatu zaion bateren batena. Txirrindulari askok nekeari buelta ematen dioten arren, beste batzuei kalte besterik ez die egiten. Ni neu ere asko sufritutakoa naiz atseden egunen biharamunetan, eta bihar [gaur] ikusiko dugu hori. Kontuan hartuta etapa gogorra eta arriskutsua izango dela, norbaitek zailtasun asko izango ditu onenen artean egoteko.

Ez naiz ausartzen izenik ematera. Zaila da asmatzen. Baina esango nuke dieselak diren txirrindulariek sufritzen dutela gehien halakoetan. Alegia, Ivan Bassoren estilokoek. Edo nire estilokoek. Esprinterrei ongi etortzen zaie atseden eguna, baina dieselei ez. Horrez gain, Wigginsen eta Froomen arteko lehia ere ikustekoa izango da. Normalean, ez da ona izaten etxe berean bi oilar edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.