Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik

Txirrindularitza, gogortzen

2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Etapak berak inspiratu nau hausnarketa egiteko. Txirrindularitzaren eboluzioa aipatuko dut. 90eko hamarkadan hierarkia handia zegoen tropelean: liderrak eta ziklista apalak zauden. Mendian liderrak izaten ziren protagonista, eta, bestela, talde apalak. Bai, behintzat, ihesaldian. Ez zen orain adina saio izaten, eta telebistako minutuak oparitzen zitzaizkien.

2.000. urte inguruan, egoera aldatu zen. Arrain handiak txikia zapaltzeko filosofia zabaldu zen. Etapa guztietan gailentzen ziren talde handiak. Irteerak azkar egitera pasatu zen tropela, eta hasieratik egurra izaten zen nagusi.

Eta 2010etik aurrera beste aldaketa bat gertatu da. Tropelean hierarkia txikiagoa dagoela esango nuke. Talde txikiek ez daukate konplexurik handien ondoan jartzeko, eta urduritasun eta protagonismo nahi horrek erorketak gehitzen ditu. Batez ere, gaurko [atzoko] adibidea da garbiena. Asko kosta arren, ihesaldia egin da, eta halakoetan normalean lasai hartzen du etapa tropelak. Garaipena aurrean jokatzen da askotan. Gertatu da, ordea, atzean bazirela taldeak ihesaldiak ziklistarik ez zutenak, eta ezerezean utzi dutela aurreko asmoa. Horren ondorioz, beste ihesaldi bat egin da hamaseikoa.

Ihesaldi berri horretan sartu ez diren taldeek erabaki bera hartu dute atzean. Pentsatu dute: gu ez gaudelako, eurak ere ez dira joango aurrera. Besteak beste, Euskaltelen erabakia izan da hori. Irabazteko aukerarik gabe, lana egin dute, mendeku gisa. Ez zait gaizki iruditu, baina txirrindularitza aldatzen ari den seinale da. Inork ez du deus oparitzen.

Pentsa, ziklistei inongo graziarik ez zien egingo tropelean lana egin beharrak. Zuzendariek aginduak erraz ematen dituzte, nekerik izaten ez dutelako, baina txirrindulari asko haserre izango dira. Taldeak lehiakorrak dira, eta ziklismoa gero eta gogorragoa da. Gizartearen isla da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.