Pausoka-pausoka aurrera goaz. Isil-isilik hortxe doa Bauke [Mollema], eta, bitartean, denak lehertzen ari dira. Cobo bihurtu da orain aurkaririk indartsuenetakoa, baina Cobo Cobo da. Bihar [gaur] hego-haizea azaldu, eta gai da azken postuan helmugaratzeko; edo Vuelta irabazteko. Presioa nabaritzen hasten bada, gozatzeari utzi, eta blokeatzeko arriskua dauka. Baina guk gureari begiratuko diogu.
Hala ere, hiru asteko itzuli bat momentu batean nola alda daitekeen aipatu nahiko nizueke gaur. Begira zer gertatu zaion Haimar Zubeldiari. Etapako eta ia-ia Vueltako momenturik txarrenean izan du zulatua. La Ventana mendatea jaisten ari ginela zulatu zaio gurpila. Oso azkar ari ginen jaisten, eta komenigarria zen goian aurrean joatea. Gu Baukeren ondoan geunden, hamargarren postuaren inguruan, eta Haimar ere, atzeraxeago, baina inguruan zebilen.
Jaisten hastearekin batera izan du zulatua, ordea. Gero oso atzean hasi da San Lorenzo igotzen, eta hiru talde aurreratzeko gai izan da. Erakustaldi handia eman du. Tropela 40 bat segundora eduki du momentu batean. Baina ezin izan du gehiago, eta hogei minutu galdu ditu helmugan. Haimarrek ez zuen merezi halakorik. Oso lan ona egiten ari zen, oso ondo zegoela esan dit, eta jota zegoen. Esan diot berari buruz hitz egingo nuela gaurko zutabean, zor diodalako. Gazte mailatik elkarrekin gabiltza tropelean, eta estimu handia diot. Pena handia izan da.
Behin etapa amaituta, galdetu diot ea saiatuko den. Eta 'bihar bertan', erantzun dit [gaur]. Ea ondo ateratzen zaion. Haimar ez da garaipen asko pilatzen dituzten txirrindulari horietakoa, baina ondo dagoenean oso aurrean ibiltzen da. Ea gai den ihesaldi onean sartzeko eta aurrean egurrean ibiltzeko. Tourrean gertatu zitzaidana gogoratuz saiatu naiz bera pixka bat animatzen. Nik ere denbora asko pasatu nuen etxetik kanpo, inoiz baino hobeto iritsi nintzen Tourrera. Eta erorketa batek utzi ninduen lasterketatik kanpo. Ez dut gehiegi animatu, baina munduko zorterik onena opa diot. Benetan.
Eta, tira, Angliruren zain, lidergoa hartzea komeni ote zaigun hizketan aritu gara taldean. Aukeran nahiago dugu Peña Cabargan hartzea, baina...
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Guadalupetik
Unerik txarrenean, Haimar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu