Partiden aurrekoa. Bi talde aurrez aurre jarri baino lehen, irabaztea beste helbururik ez da izaten bi aldageletan. Beti da horrela. Taldea ondo ibili, gaizki edo erdizka, irabazteko aukera guztiak gauzatzea beste asmorik ez da egoten. Gero, partidan bertan, asmo horrek gorabeherak izaten ditu. Batzuetan, bete-betean betez joaten da, baina bestetan, okertuz. Eta okertzen denean zuzentzeko aukerarik gabe, irabazteko gogoa hurrengo partidarako ezkutatzen da. Halabeharrez. Aurkaria hobea izan delako. Epaileak aurkariari mesede egin diolako. Sortutako aukerak ez direlako sartu. Eta beste hainbat arrazoi tarteko. Asteburuaren atarian, irabazteko itxaropena zeukaten Realak, Osasunak eta Athleticek, baina puntu ale bakarrarekin konformatu behar izan dute.
Ezintasuna. Realaren partida definitzeko hitz egokia da. Ezinean ibili zen ia neurketa osoan. Ezin izan zuen eragotzi kanpokoek gola sartzea bi zatien hasieran. Eta zama astuna izan ohi da hori. Realarentzat, are handiagoa. Askotan esaten da jokalariak ez direla izaera gogorrekoak, eta tamaina horretako bi kolperi gaina hartzea ikaragarri pila kostatzen zaie normalean. Emaitza latza izan zuen. Gerta daitezke halakoak, eta ez zaie zenbakiei erreparatu behar. Baina taldearen jokoa ez zen besteetan bezalakoa izan, eta horretan jarri behar da azterketaren argia. Partida bateko kontua den edo gehiago luzatuko den ikusi beharko da orain. Neurketa txar bat egiteagatik ez baita ondorio beltzik atera behar. Baina joko txarra gehiago luzatzen bada, orduan hasi beharko da kezkatzen. Datorren igandean daukate jokalariek joera alde batera edo bestera bideratzeko aukera. Aste osoan eta partidaren atarian, aldagelan, irabazteko aukerari helduko diote. Gero, auskalo zer gertatuko den.
Aurkari gehitxo. Osasunak merezi izan zuen Valentzia menderatzea, baina futbolean merezi izateak ez du batere balio. Aurrez merezitakoari etekina ateratzen ez dion taldeak zer merezi du? Betikoa da kontua. Golak sartzeko aukerei garrantzi handiegia ematen zaie merezi izana indartzeko, baina sartu egin behar dira, eta sartzen ez badira, den-dena ez da ondo egina izaten. Gerta daiteke erremate onak izatea, baina aurkariaren atezainak denak geratzea edo urruntzea. Osasunak Diego Alves atezaina izan zuen parez pare gehienetan. Aurkari handia. Baina ez bakarra. Mendilibarrek partida ondorenean esan zituenak entzunda, epailea ere etsai izan zuen etxeko taldeak. Eta, jakina, aurkari asko dira beste taldearen atezaina eta epailea gauza onak ateratzeko.
Muturrekoa. Athleticek muturra erakutsi zion Real Madrili haren etxean, eta muturra erakusten duenak hartzen du muturrekoa. Ezkutatzen denak ez du berehalakoan hartuko zaplaztekoa. Beti bezala jokatu zuen Bielsaren taldeak. Ezusterik ez, beraz. Bazen halako ustea, Athleticek handiren bat egingo zuela Bernabeun. Baina hiru oztopo handi azaldu zitzaizkion bidera. Hiru harritzar. Aurrenekoa: markagailuan aurretik zela, gol gehiago sartzeko aukerak kareletik bota izana. Ez da akats berria eraginkortasunaren hori. Bigarrengoa: epailearen zuri kolorea. Hori ere normala Real Madrilen eremuan. Baina ez dut ulertzen nola adieraz dezakeen Athleticen aurkako penalti hura epaileak, falta handiagoak adierazten ez dituenean jokoaren ikusgarritasunaren mesedetan; eta ez dut ulertzen Real Madrileko jokalariek eman zituzten ostikada zenbaiten aurrean, txartelak ez astintzea beti. Bueno, ez ulertzea esateko modu bat da... Eta hirugarrengo harria: etxekoen joa. Zitalak dira golak sartzen, eta ez dute barkatzen aukeraren erdia daukatenean ere.
Partiden ondorengoa. Itxaropena hiru taldeek zeukaten irabazteko, eta hiruretako inork ez zuen irabazi. Orain zer? Bitan bereizi behar da ondorengoa: taldeen baitakoa da bat, eta taldetik kanpokoa bestea. Taldeen baitan, aterako dituzte ondorioak, partidak sakon aztertu eta gero. Lanean segitu beste biderik ez dute, eta horretan, sailkapeneko lekuak lagundu edo zama jar dezake. Osasunak eta Athleticek zama txikia daukate, baina Reala estu antzean dabil. Taldeen kanpoko azterketei ez du merezi askorik erreparatzea, ez badira futbolaz dakitenek egindakoak. Eta horiekin ere kontuz! Ez baitugu ezagutzen taldeen eguneroko martxa, ezta aldagela barruko berri ere, filtrazioak filtrazio.
Aulkitik begira
Urrutiko intxaurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu