Mugarriz mugarri. Poza ematen du talde txikien arrakastak. Poza nola hazten diren. Kolpe mingarriei buelta nola eman dieten, ahalegin handia eginez. Murtziako partida bukaeran, Lagun Aroko jokalarien aurpegiak ikusi ezinik geratu ginen, Espainiako Kopako sailkapenarekin zer sentitu zuten jakin ezinik, baina gozoa izan zen bueltako bidea. Kopa jokatzeak asko esan nahi duelako. Dena. Onenekin batera aritzea, haztea, zaleei poza ematea, txikiaren harrotasuna eta handi izateko kemena. Lanean jarraitzeko borondate irmoa. Euskal Herrian Baskonia izan zen aitzindaria. Hark egin zuen harrobi lana, eta zaleak esnatu. Lorpen txiki bat, beste bat, titulu bat, Europa, titulu gehiago... Baskoniak jarri zuen euskal saskibaloia zaleen begietan, eta Bilbo Basketek eman zion segida: hiru Kopa jokatuz, Europan barrena bidaiatuz eta ligako finala jokatuz. Orain Gipuzkoaren txanda da. Pausoz pauso, lasai, berotu gabe, baina geratu gabe. Horrela hasi ziren Baskonia eta Bilbo Basket, eta ispilu horretan begiratu nahi du Lagun Arok. Urtarrilaren 22a, luze gogoratzeko moduko eguna. Mugarria.
Bolada bikaina. Zuhurtasunari eustea komeni. Abendu hasieran asko zirelako, ginelako, Baroni kontratua mozteko aukera aipatu genuenak. Edo Sito Alonsok taldea eramateko zeukan gaitasuna auzitan jarri zutenak, genuenak. Isildu egin behar orain, donostiarrak, azken zazpi partidetatik sei irabazi, eta Koparako sailkatu ondoren. Baina pozik egon behar dugu, isilarazi gaituztelako. Lagun Aro zortzi onenen artean dagoelako eta maiatzean bertan egotea delako helburua. Urduritu gabe. Ahal bada. Gozatzeko unea da orain, eta mailari eusteko lauzpabost garaipen falta zaizkiola pentsatzea ere sobera ez. Buruko indarrarekin eta fedearekin bueltaka, Murtzian garbi geratu zen norberaren konfiantza baino bitarteko indartsuagorik ez dagoela. 15puntuz ari zen galtzen Lagun Aro zortzi minuturen faltan. Baina buelta eman zion. Eman zezaketela sinetsita zeudelako. Egokiak oso Sito Alonsoren hitzak, aurreko urteetan taldean egon direnei eskertza ematen.
Salbatzailearen zain... Hiru laurden on, eta bat txar-txarra. Ondorioa, porrota, eta argia. Baskoniak ondo egin zion aurre Real Madrili 30 minututan, baina azkenean amore eman behar izan zuen, Golubovic, Milko eta Nemanja Bjelica eta Teletovic ez direlako gai Tomic, Begic eta Felipe Reyes geratzeko. Eskerrak Miroticek mina hartu zuela. Umezurtz dago Baskonia saskipean, eta denak daude Maciej Lamperen zain. Poloniarrak zulo guztiak itxiko dituela pentsatzen duenarentzat, ordea, oharra: sei hilabete luze daramatza jokatu gabe, lesio larri batetik dator, eta ezin da pentsatu hasieratik hogei puntu eta hamar errebote lortuko dituenik. Gainera, saskitik gertu ez, urrunxeago jokatu zalea da. Adierazgarria, berriro, Dusko Ivanovicen hausnarketa: «Berekoikeriaz jokatu dute jokalari batzuek, eta hori onartezina da». Galdera gaiztoa. Nork eten behar du berekoikeria hori? Ivanovicek, noski, baina gai al da? Aginte makila erabiltzen iaioetan iaioena dela esan edo sinetsi izan da betidanik, baina egia izango ote da?
Lastima. Miraria behar zen hiru euskal taldeak Koparako sailka zitezen, eta ez zen gertatu. Igande eguerdi zirraragarria izan zen bizkaitarrentzat, Santiagotik Vigoko aireportura zihoazela jokatu baitziren partidak. Tarteka barruan, tarteka kanpoan, baina azkenean, kanpoan, Lagun Arok Murtzian egindako balentriaren erruz. Fotis Katsikarisen taldeak egin behar zuena egin du: bere hiru partidak irabazi, eta zain geratu. Orain, asko gogoratuko dira Lagun Aroren aurka irabazita zeukan partida galdu izanaz, edo etxeko bolada txarraz, baina ez dauka bueltarik, eta kito. Kopako atseden hori ondo etor dakioke Gescrap Bizkaiari, baldin eta Euroligako Top16an lehian jarraitzen badu. Unicaja hartuko du bihar, Madrilera egin bidaia gero, eta Siena berriro Miribillan. Sorta horren ondoren 2-2 balantzearekin balego, oporrak gozoak izango lirateke. Bestela ez. Mahmadou Samb pibota fitxatu dute hori lortzeko asmoz.
Zonakako defentsa
Urtarrilak 22
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu