Kontrakantxatik

«Utziko didazu pasatzen, mesedez?»

enekoitz telleria sarriegi
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Baratze zen (da) pilotalekua eta Segura (Gipuzkoa) herria. 1992a zen urtea, eta ekainaren 24a eguna, herriko festetako egun handia: San Joan eguna. Idazten ari den honek 18 urte egin zituen egun hartan bertan, eta ez zeukan pilota partidak galtzeko batere asmorik, buruko minak buruko min eta bestondoak bestondo. Eta orduan gertatu zen, sarrerak hartzen ari zela bat eta sarrera parean bidea itxiz jarrita geundela besteak. Bizkarrean bi kolpetxo eta esaldi hura: «Utziko didazu pasatzen, mesedez?». Ruben Beloki zen, eta nire atzean zegoen, pasatzen uzteko eskatzen. Haren planta eta patxada. Nire sorpresa eta urduria.

Mujika-Imaz eta Koka-Bazeta aritu ziren jaialdiko lehen partidan, eta Lejardi-Beloki eta Gorostiza-Salaberri bigarrenean. Etxekoa, Xabier Imaz, izan zen orduan ere txalotuena, baina hura ezagutzen genuen. Guk, eta frontoira egun hartan joandako beste askok, Ruben Beloki nahi genuen ezagutu. Esaten zuten Nafarroan bazela parekorik ez zuen atzelari bat. Olinpiar Jokoetan aritu ostean zela profesionaletan debutatzekoa eta ordura artekoen markak txiki uzteko adina dohain zuela. Zerbait berezia zuela. Eta eskuinez zein ezkerrez iristen zela errebotera!

Profesionaletan hasi aurretik zeukan Belokik kondaira kutsua gurean. Eta ez zen erraz ulertzekoa, gure adin berekoa zelako, kintakoa. Baina Baratze pilotalekuan jokatzen ikusi genuenean ohartu ginen zergatik zen. Aurretik sekula ikusi gabeko zerbait ikusten ari ginela ohartu ginelako berehala. 18 urte zituen, baina ez zuen ematen 18 urte zituenik. Guk bai. Hark kantxa bi pausotan betetzen zuen, partidaren tempo-a nahierara kontrolatzen zuen, pilotakada bakoitzak zuen zentzua eta mugimendu bakoitzak dotorezia. Herriko puristenak ere —eta asko dira Seguran— lehen tantotik konbentzitu zituen.

Eta gerokoak dira dominak, txapelak eta apurtutako estatistikak. Gerokoak txakalaldiak, gerokoak iruzur hotsak, porrotak eta loraldiak, baina baita kazetari lanetan harenganako miresmena ezkutatu ezina ere. 1998koa izan zen aurrez aurre egindako lehen elkarrizketa, Atano III.ean, Eugiren kontrako buruz buruko finalaren harira. Argazkilariari eskaera: atera zitzala Belokiren argazkiak, baina atera zitzala mesedez beste pare bat elkarrekin agertzen ginenak. Ez zen orduan digitalik, eta egunean ateratako argazki guztiak paperean iristen ziren erredakziora eta sailez sail banatzen ziren iritsi berritan, guztien bistan. Kiroletako argazkien txanda iritsi zenean hara non agertzen den kazetari hau Belokiri bizkarretik helduta, fan sutsuenaren pare. Ordurako eskarmentu askoz ere handiagoa zuten kazetarien aurrean lotsaz gorritzekoa izan zen hura, baina argazkia ongi gordeta daukat.

Eta badoala esan du, eta ematen du zer pentsatua, orain ezingo diodalako berriro setentaikuatroko ordezkari bakarrak garela esanez txantxarik egin. Oraingoan, izan ere, Rubeni etorri zaio beste norbait bizkarrean kolpe joka eta esan dio: «Utziko didazu pasatzen, mesedez?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.