gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Arazte pertsonala, kolektiboa eta komunitarioa

2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gero eta jende gehiagok esaten du nahikoa duela Twitterretik etortzen zaion jarioarekin informatuta egoteko. Bestela ere, hortik kanpo Googleen bilatu eta beti aurkitzen duela bilatzen duena. Bi adierazpen horiek tranpatiak dira eta aldi berean arriskutsuak, batez ere jende askok horrela sinistu duelako.

Internetek eskaintzen digun informazio oparotasuna batzuentzat arazo kognitibo bihurtzen da. Horregatik, eta gero eta gehiago, informazioa arazketa garrantzitsua izango da. Zeinen esku utziko dugu lan hori? Internetek bitartekaritza beharrezkorik gabe informazioa eskuratzeko aukera zabaldu zigun. Hori galdu beharko ez genukeen zerbait da.

Ondo dago informazioa Twitter (edo beste tresna batzuen) bidez jasotzea. Normalean, interesatzen zaizkigun pertsonek ematen digute informazio hori. Googlen ere gai konkretu bati buruz bilatzen dugunean, nahi duguna bilatzen dugu, baina hor ere tranpa dago. Algoritmo baten bidez, bilaketa gure ezagunetara eta gaietara egokitzen du. Googlek bakoitzari buruz duen informazioaren ondorioz, pertsona bakoitzaren bilaketa ezberdina izango da. Honi informazio arazte kolektiboa deituko diogu.

Hala ere, informazioa eskuratzeko mota hori ez da bakarra. Perspektiba berriak eskaintzen dizkigu eta, espero ditugun emaitzekin batera, baita espero ez ditugunak ere. Baina informazio zehatzak jaso nahi izaten ditugu askotan. Jario irakurgailuen bidez informazio zehatzak jaso, blog eta webgune jakin batzuetan informazioa eskuratu, bilaketa zehatz eta esanguratsuak egin... Hori guztia ere beharrezkoa da eta jende askok alde batera uzten du. Honi informazio arazte pertsonala deituko diogu.

Oraindik badago informazioa arazteko beste era bat, eta oso gutxi lantzen dugu: informazio arazte komunitarioa. Interes, hizkuntza eta ezagutza antzekoak dituzten pertsonen artean egindako araztea. Komunitate horrentzat esanguratsuak diren gaiak araztea lortzen du, baina baita horien inguruan eztabaidak egituratzea eta ezagutza berriak sortzea.

Informazioa arazteko erak garrantzitsuak eta osagarriak dira, baina bat beste batzuek gainetik jartzea oso arriskutsua izan daiteke. Informazio bitartekaritza artifizial berriak sortzeko bidea irekitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.