Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Ez dute lortu

2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hasiera-hasieratik sumatu zitekeen Looking telesailaren porrota. Behintzat nahi eta ezin bat helburua lortzeko garaian. Eta gidoi eskasaren luzapenak denboran ahuldu baino ez du egin argumentuaren intentsitatea; hortaz, xedetik urrundu ditu. Ezustean eman du agurra hiru mutil homosexualen bizitzak islatzen dituen telesailak. Alta, ez da tankerako formatu batean horrelakorik ikusi dugun aurreneko aldia. Horregatik, arraro egiten da, lehenengo denboraldiaren ondoren, telebista kateak bigarren denboraldia egiteko aukera eman izana.

San Frantziskon girotutako fikzioa, egoera ekonomiko erosoa duten Patrick, Dom eta Agustinen bizitzak dira. Hirurek dute nolabaiteko arrakasta profesionala. Lehenak bideo jokoak diseinatzen ditu, bigarrenak negozio propioa lortu nahi du eta hirugarrena artista da. Kostata sinesgarria den agertoki idilikoa. Bakoitzak harreman erromantikoak bizitzeko modu propioa daukala erakutsi nahi zuten. Baina gidoiak aurrera egin ahala, pertsonaiak ezezagun bihurtu arte itxuraldatu dituzte.

Telesaila aldendu nahi zuen Queer as folk bezalakoetatik, alegia, gizonezkoen estereotipo promiskuoa indartzen dituztenetatik. Lortu arren, sinesgarritasunetik urrun geratu dira. Ez da borroka pertsonalik ageri, ezta ikuspegi militantetik uler daitekeenik ere. Joera heterosexualetik at kokatzen diren gainontzeko gustuak estali dituzte. Ez da aniztasunik; askatasun eta normalizazio aldarria baino gehiago, estetika perfektuaren bila pobreki aurrera egiten duen fikzioa baizik.

HBO kable bidezko kateak produktu ausarten aldeko apustu egiten du. Audimetroen datuei jaramon egin baino gehiago, euren harpidedunek gidatzen dute programek jarraitzeko erabakia. Bada, harreman sexualak erakusteko moduan baino ezin da ezagutu HBOren sinadura Looking-en. Adibidez, lehenengo denboraldiko laugarren ataleko felazioan. Maisuki grabatutakoa da, zinez. Helburua, diotenez, komunitate homosexualaren errealitatea islatzea izan da. Nago, garaiotan astunkeria dela joera sexualengatik bereiztea. Normalizatu baino gehiago, horiek markatzea, mailetan nahasteko bidea zabaltzen baldin badu. Bereizketa zentzu diskurtsiboan bada ere. Denok batera egingo dugu bidean aurrera, edo ez da aurrera egiteko biderik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.