gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Hodeietan?!

2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Googlek beste tresna berri bat atera du, Google Drive. Tresna horri esker, jendeak bere gailuetan dituen fitxategiak sarean jarri eta biltegi batean izateko aukera izango du. Automatikoki direktorio batean fitxategia sartu eta zerbitzarian sinkronizatu, eta handik ere eskuragarri egongo da. Zuzenean webgune batetik, beste ordenagailu, sakelako edo tableta batetik (aplikazioa instalatua badute) ikusi eta zure fitxategiak bertan sinkronizatuak izango dituzu.

Horrez gain, Googlek dituen beste tresnei esker, fitxategi horiek beste pertsona batzuekin partekatu edota editatu ahal izango dituzu. Zure gailuan duzun espazioaz gain, beste 5GB izango dituzu sarean zure edukiak gordetzeko. Gauza ona dirudi, ezta?

Hala ere, ez da lehenengoa, eta berandu datorrela ere esan daiteke; Dropbox, Skydrive, Ubuntu One... eta beste hainbatek berdina edo antzekoa egiten dute. Honek, aldiz, zalaparta handia sortu du, sarean onartzera behartzen duen lizentziaren ondorioz. Lizentzia horren arabera, jabeak bere edukiaren jabetza mantentzen du, baina Googleri eta berarekin lan egiten dutenei baimena ematen diezu edukia erabili, gorde, ostatu, erreproduzitu, eraldatu eta lan eratorriak sortzeko. Printzipioz, Googlek hori produktua hobetzeko egingo duela pentsa daiteke, baina... Egia da lizentzia horrek zehazten dituen baldintzak nahiko beldurgarriak direla, baina beste batzuk apur bat hobeak badira ere, gehienak oso antzekoak dira. Horrelakolizentziak onartzea erabat ohikoa da; berez, Googleren baldintza orokorretan (http://www.google.com/intl/en/policies/terms/) horixe agertzen da. Horrek Googleren zerbitzu gehienak hartzen ditu. Beldurturik?

Hodeietan bizi bazara, beharbada hori egiten duen zerbitzu bakarra dela pentsatuko duzu. Baina zerbitzu zentralizatuetan eta bertan sortzen den informazioan oinarritutako negozioa duten gehienek egiten dute hau. Batzuek ezkutuan, beste batzuek ageriago, baina denek behar dute informazioa. Hori gabe askoz zailagoa baitzaie beraien negozio eredu bat gauzatzea.

Eta horren aurrean ba betiko kontua, edo beraien tresnak tentuz eta honen jakitun erabili, edo alternatibak erabili.

Kasu honetan, gainera, tresna onak badaude; Funambol da horietako bat. Ez zaitezte gelditu hodeietan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.