gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Telefonicaren xakea

2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Sarearen neutraltasuna Internetek sorreratik izan dituen ezaugarrietako bat da. Horri esker, sarbideak berak eta azpiegiturek arrazoi fisikoengatik ezartzen dizkiguten mugez gain, saretik igarotzen den trafikoak ez luke inongo muga arbitrariorik izan behar. Operadore handiek ez dute hori begi onez ikusten, eta neutraltasunarekin amaitu nahi dute. Horrekin amaituz gero, eten digitalei beste bat gehituko litzaieke; zerbitzu batzuetara sarbide baldintzatua dutenen eta ez dutenen artean.

Orain arte, Espainiako Telekomunikazioen Batzordeak (CMT) zenbait traba jarri izan dizkie operadoreei. Hala ere, azkenaldian batzorde horrek ere bere alde jokatzeko joera izan du. Horren adierazgarri dira, adibidez, Guifi.net bezalako sare, libre eta neutral baten aldeko ekimenei jarritako etengabeko oztopoak.

Azkenaldian Espainiako Lehiarako Batzordea (CNC) izan da traba gehien jarri dizkiena. Batzorde horrek, betiere sistemaren joko arauen barnean noski, operadoreen gehiegizko merkatu jarduerak arautzen ditu. Horrek bereziki Telefonicari eragin izan dio, urteetan izandako nagusitasun posizioa dela eta aurrera eraman ditzakeen jarduerengatik.

Gauzak horrela, Tu2sis blogean (http://tudosis.es/?p=3772) eta El Correo de las Indiasen (http://bitacora.lasindias.com) dokumentazioa gehituz, jakin izan dugu Espainiako Gobernuak batzorde horiek guztiak moldatzeko intentzioa duela. Informazio horien arabera, lege aurreproiektua egiteko erabilitako informea Telefonicarentzat Pwc enpresak egindako informe bat du oinarri; zenbait testu kalko hutsak izateraino. Non ikusi da erregulatua izan behar duenak erregulazio batzordeen berregituratzea nola egin behar den diktatzea?

Erreforma horren bidez, batzorde erregulatzaileak bakar batera murriztuko lirateke. Horrela,kontrola eskuratzeko erraztasun handiagoak izango lituzke Telefonicak. Neurri horrek emandako erraztasunen ondorioz, neutraltasuna jokoan jartzeko aukera izango luke.

Irudiko luke albiste hau oharkabean pasatzea nahi dutela. Guri, informazioa zabaldu eta Telefonicaren xake honetara adi egotea dagokigu. Bitartean, neutraltasuna eskubide moduan aitortzen duten legedien beharra azpimarratu eta horiek ez dauden bitartean neutraltasuna ziurtatzen duten hornitzaile, azpiegitura eta proiektuak sustatzen jarraitu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.