Azken hilabeteetan, erasoen —Megauploaden itxiera, kasurako— eta legedi atzerakoien ondorioz (SOPA, PIPA...), Interneten neutraltasunaren aldeko eta zentsuraren aurkako eztabaidak piztu dira berriro. Eztabaidaren muinean fitxategi trukerako P2P programak daude berriro. Megaupload bezalako atarien sorrerarekin programa horiek erabileran gainbehera bat izan bazuten ere, berriro ere jende askoren ahotan daude.
Fitxategi trukerako zerbitzu zentralizatuen aurrean, programa horiek pertsonen arteko zuzeneko trukea ahalbidetzen dute. Horrek asko zailtzen du haien aurka egitea; lortzeko, pertsona bakoitzaren ordenagailuak kontrolatu beharko lituzketelako edo, behintzat, askoz ordenagailu gehiago. Sare horien funtzionamendua azaltzea apur bat zaila den arren, era xalo batean apur bat azaltzen saiatuko naiz.
Programa horiek guztiak ez dira berdinak; haien arteko ezberdintasunak garrantzitsuak dira. Horietan ezagunenetako bat eMule izan da, eDonkey sarea erabiltzen duen programa. Era horretako sistemetan, zerbitzari batzuek bitartekari lanak egiten dituzte, horiei esker fitxategi bat edo horren zatiak non topa daitezkeen jakiteko. Horri esker, fitxategiak zaharrak badira ere, aurkitzeko erraztasunak izango ditugu, baina beste soluzio batzuk baino mantsoagoa da, fitxategi zati bakoitzeko ilarak sortzen baitira.
Noski, zerbitzari horiek erabiltzeak erasoen aurrean muga bat ere bada. Haietako batzuk desagertuko balira, sarearen errendimendua asko jaitsiko litzateke. Horren kontra, programa batzuek Kademila sistema ezarri zuten.
Badira beste aukera batzuk ere, horien artean ezagunenetarikoa BitTorrent, fitxategi trukerako protokolo banatua. Fitxategiak trukatu nahi dituzten pertsonak topatzeko tracker izeneko fitxategiak edo orain magnet eduki loturak erabiltzen ditu. Ireki eta horien bidez fitxategia jaits daitezkeen lekuak topatzen ditu sareak. EDonkey sarearekin konparatuz arinagoa izan ohi da, baina batez ere momentuan gehien jaisten ari diren edukiak jaisteko balio du.
Tribler izeneko BitTorrent bezeroa berrikuntza interesgarria da. Programatik bertatik bilaketak egin, bideoak jaisten ari diren bitartean ikusi eta kanal ezberdinak sortzeko aukera ematen du. Ez da alor honetan ikusiko dugun azken berrikuntza.
Komunikazioa. Irlen sarea
Tribler
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu