Oskar Aldazabal eta Joxean Ostolaza beti saiatzen dira beren ibilaldi eta ibilbideei ukitu berezi bat ematen. Mapak hartu, buruari eragin eta, ahal dela, ibilbideak beren egokierara prestatzen dituzte. Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotu zituzten 2006an; uren banalerroari jarraituz, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatu, eta herrialde bakoitzeko mendirik altuenetara igo ziren 2007an. Distantzia laburragoko baina historia luzeko ibilaldia egin dute orain: Bizkaiko deiadar mendiak lotu dituzte, ibilian. Markina-Xemein abiapuntu eta helmuga hartuta, Oiz, Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollubera igo dira; 60 orduko ibilaldia eta 223 kilometroko zeharkaldia.
Ideia ez da berria. Ostolaza eta Aldazabal ez dira halakorik egiten aurrenak. Aurrez Asier Irazabalek lotu zituen deiadar mendiak. Baina urrutira joan beharrik gabe gertuko mendietan ibilaldi ederrak prestatu eta egin daitezkeela agerian uzteko balio du Ostolazak eta Aldazabalek egindakoak.
Bizkaiko Batzar Nagusiak XIV. mendearen hasieran sortu zituzten, eta haietara joateko, Ganekogorta, Gorbeia, Kolitza, Oiz eta Sollube mendietako tontorretatik dei egiten zieten bizkaitarrei. Bost mendi estrategiko horietan sua piztuz eta soinu seinaleen bidez egiten zuten deia. Erdi Aroko ohitura hori berritzeko, 2004tik Deiadar Mendien Eguna ari dira antolatzen, eta aurtengoarekin bat eginez prestatu dute ibilaldia bi mendizaleek. Maiatzaren 13an ospatu zuten eguna, Solluben.
Ospakizunarekin bat
Markina-Xemein dute bizileku Ostolazak eta Aldazabalek, baita txangoen ohiko abiapuntu ere. Maiatzaren 11n irten ziren, 06:00etan, eta Oizeko puntara hiru orduren bueltan iritsi ziren. Handik Urkiolarako norabidea hartu, Barazar gainditu eta Gorbeiako tontorrera 18:00etarako iritsi ziren. Bilbo aldera hartuta, atseden Ugaon hartu zuten. «Jatekoarekin zain genuen semea, eta hark ekarritako makarroiak jateko eta furgonetan hiru bat orduz etzateko tartea hartu genuen», gogoratu du Ostolazak. Goizaldeko hiruretan berrekin zioten ibiliari, ilunpetan.Ganekogorta mendiko tontorrera06:00etan igo ziren, egunsentiarekin batera. Maiatzak 12 zituen ordurako, larunbata.
Enkarterrira bidean jarri, Balmaseda pasatu eta Kolitzara igo ziren. Arratsaldeko ordu bietan jo zuten gailurra. Mendi hartatik Solluberako tartea zuten, neurri batean, bide zuzena asmatzeko zailena. «Artxandan afaldu genuen, eta Deriotik aurrera izan genituen komeriak. Errepide sareaarmiarma sare baten modukoa da, eta GPSaren laguntzari eskerrak asmatu genuen bide egokia hartzen».
Zeharkaldiko azken tontorrera, Sollubera, 10:00etan iritsi ziren. Ordurako, maiatzaren 13a zen, igandea. Urtero aldatzen dute Deiadar Mendien Eguna ospatzeko lekua, eta Solluben antolatu zuten. Adarra handik jo zuten Ostolazak eta Aldazabalek. Ospakizunerako tarterik apenas hartu zuten. «Festa antolatzen ari zirela iritsi ginen, eta festan gelditzera gonbidatu gintuzten. Horretarako, zain geratu behar genuen, ordea, eta bagenuen Markinara iristeko gogoa». Antolatzaileek emandako pintxoak jan eta etxerako bidea hartu zuten. Markinara 18:00etan iritsi ziren, eta 60 orduko txangoa biribildu.
Mendia
Adarraren deiadarra
Bizkaiko deiadar mendiak lotu dituzte oinez Oskar Aldazabalek eta Joxean Ostolazak: Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube. Erdi Aroan, Batzar Nagusietara deitzen zuten mendiotako tontorretatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu