Ez diote alferrik Behobia-Donostia zuria deitzen mendi eskiko Altitoy-Ternua lasterketari. Donostiako Vasco de Camping eta Luz Saint Sauverreko Toy elkarteek antolatzen dute elkarlanean, eta urteen joan-etorriarekin erreferentea bihurtu da Pirinioetan. Asteburuan jokatu zen 2012ko ekitaldia, Bareges eta Tourmalet inguruetan. Halako ezaugarriak dituen beste probarik ez da jokatzen Pirinioetan. Jendetsuena da: 580 eskiatzaile elkartu ziren asteburuan, bikoteka, erdiak baino gehiago Euskal Herritik joandakoak. Mendi ibilbide ikusgarria du: Alpeetako Pierra Mentaren izaeratik edan dute antolatzaileek, eta ibilbide alpino eta teknikoak prestatzen dituzte. Bi eguneko proba da: larunbatean eta igandean jokatzen da. Eta denetariko mendi eskiatzaileek dute lekua: A izeneko ibilbide bat prestatzen dute lehiaketarako, eta B izeneko beste bat, lehiaketatik kanpo parte hartzen dutenentzat.
Ezaugarriek horiek guztiek azaltzen dute Altitoyren arrakasta. «Urtetik urtera handitzen ari gara, eta gauzak hobeto egiten. Prestatzen duguna mendi-mendiko ibilbidea da; ibilbide teknikoak izaten dira, baina segurtasun neurriei erreparatzen diegu. Jendea erakarri egiten dute halako bereizgarriek», azaldu du lasterketaren zuzendari tekniko Andoni Areizagak.
Erakargarritasun horren isla izan zen ostiral arratsaldetik Luz Saint Sauver. Furgonetak aparkalekuetan, mendizaleak eta eskiatzaileak kalean, lasterketan parte hartzera joandakoei ongi-etorria egiten zien afixa herriaren sarreran. Biharamunean goiz jaiki behar zutela jakitun, Altitoyn parte hartzeko asmoz joandako askok bazuten zeregina: dortsalak jaso; eskiak, botak, kranpoiak eta beharrezko materiala prestatu; ibilbideari eta eguraldi iragarpenari erreparatu... Bete-beteko giroa zegoen asteburuan zetorrenaren esperoan.
«Pierra Menta totala»
Larunbata dotore esnatu zen: zerua urdin, mendiak zuri. A eta B ibilbideak prestatu zituzten antolatzaileek; lehenengoa lehiaketari bideratutakoa eta bigarrena herrikoia, lehiarik gabea. «Dotore atera zitzaigun larunbatekoa, Pierra Menta totala. Lau korridore gainditu zituzten eskiatzaileek eta 800 metro soka jarri genituen ibilbidean, eremurik arriskutsuenetakoak saihesteko. Eguraldiak lagundu zuela aintzat hartuta, bete-beteko festa izan zen», gogoratu du Areizagak.
A ibilbidea osatu zutenak 09:30 aldera irten ziren; hamar bat minutu geroago B ibilbidekoak. Bikote kopuru antzekoa batean zein bestean. Lau korridore igo eta beste hainbeste jaitsi zituzten A ibilbidekoek, 2.100 metroko desnibela. Crampetteseko korridorea, Touatereko lepoa, Pegueko ertza... elurra gogorra zegoen zati gehienetan, eta eskiak bizkarreratzea eta kranpoiak jartzea ezinbestekoa izan zuten. Gauza bera B ibilbidean parte hartu zutenek. Ibilbide laburragoa eta gorabehera gutxiagokoa zuten aurretik, baina elurraren baldintza berberak. Aldapak tentu handiz jaitsi zituzten eskiatzaile guztiek, eta ez zen ezbeharrik gertatu.
Iganderako aldatu ziren kontuak. Iragarri baino elurte handiagoa bota zuen gauean, eta horrek erabat baldintzatu zuen probaren bilakaera. Goizaldeko ordu bietan deitu zieten Luzeko eski estazioko arduradunek antolatzaileei. Mezu garbia helarazi zieten: elur asko bota zuela, 50 zentimetro behintzat bai ibilbidea pasatzekoa zen lekuetan.
Lauretarako elkartu ziren antolatzaileak. Inguruko errepideak itxita zeuden, eta mendiaren baldintzak arriskutsuak. Erabaki zuzena hartu zuten. «Luz Saint Sauverreko plazatik atera zen lasterketa, duela urte bi urte egin genuen bezala. Inguruko basoetatik ibili eta Vergons mendian gora erlojupeko moduko bat prestatu genuen. Ez zen aurreikusia genuena, baina pozik geratu zen jendea». Igande goizari zukua ateratzeko modua izan zuten inprobisatutako igoera hori eskiatzaileek.
Igoera bukatuta, herrira jaitsi eta asteburuari errematea sari banaketarekin eta parte hartzaile guztien bazkariarekin eman zioten. A ibilbidean, bi egunetako denborak aintzat hartuta, Miguel Caballero espainiarrak eta Wilfred Jumere frantziarrak osatutako bikotea izan zen azkarrena. Haientzat Altitoy-Ternua 2012. Pau Costa eta Pere Plana kataluniarrak sailkatu ziren bigarren, irabazleengandik oso gertu, eta Andorrako Xavi Comas eta Manel Pelegrina hirugarren. Bi emakumek osatutako bikoteen artean Nahia Quincoces lekeitiarra eta Amets Maiztegi hondarribiarra izan ziren azkarrenak. Asteburu dotorea pasatu izanaren sariaeskiatzaile guztiek irabazi zuten, ordea.
Nahi izan zuten parte hartzaile, boluntario eta antolakuntzako kideek mahai baten bueltan bukatu zuten 2012ko Altitoy, Luz Saint Sauverreko Casinoan egindako bazkariarekin. 2013. urtera arte agurtu ziren guztiak. Ezusterik ezean, han elkartuko dira beste behin.
Mendia. Mendiko eskia
Altuerako eskia
Larunbat dotorearekin eta igande traketsarekin jokatu dute 2012ko Altitoy-Ternua proba; ia seiehun eskiatzaile elkartu dira Pirinioetako mendiko eskiko lasterketarik jendetsuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu