Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Astebetez, Leonen talaiatik nekeari so

Iraupen luzeko lasterken artean ezaguna da Mont Blanceko Ultra Trail. Bertatik bertara ezagutu du Jon Haitz Legarretak, laguntzaile gisa. Bizi izandakoen kronika da hurrengoa.

Alpeen bihotza inguratzen du lasterketak, Mont Blanc mendigunea. JON HAITZ LEGARRETA.
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Izan da eguna gauaren etsai». Hala diote bart ikusten egon nintzen talde ezagun baten abesti entzutetsu baten hitzek. Eta hala da gaur niretzat; goiz jaiki behar izan dut nire bidaiari ekiteko. Eta goizean goizago oheratu naiz, kontzertutik bueltan. Baina esaera zaharrak dioenez, «gustuko bidean, aldaparik ez». Eta hala beharko du niretzat. Helburuan, Alpeetan, aldapak baino ez daude eta. Laua den edozer debekatuta baitago.

Bilbo lainopean utzita abiatu naiz. Ordu dezente igaroko dira harik eta helburura heldu arte.

Ziurgabetasun printzipioa

Bizikleta, itsasontzia eta hegazkina hartzea soilik falta izan zait; gainerako garraio mota guztiak probatu ditut. Autoa dela, autobusa dela, trena dela, tranbia edo trolebusa dela, oinez… Hogeita hamabi orduren buruan, Chamonix-Mont Blancen nago. Cham diote deitzen bertakoek. Osorik, baina nekatuta. Izan ere, zazpi aldiz aldatu behar izan dut trenez. Goizaldeko orduetan nahiz egunez; tren loturarik ez galtzeko, sakelako telefonoko alarma lagun.

Chamonixen zer aurkituko dudan erdizka dakit. Egona naiz bertan, baina oraingoan bestelako zerbaitetan parte hartuko dut. Bizpahiru egun neuretzat hartuak dauzkat, ibilaldi luze eta neketsuetan atseden hartzeko.

Mendigoizale eskasen legera, berandu abiatu naiz. Halako batean, euri tanta lotsati batzuek bueltako bidea hartzera behartu naute. Mehatxu egin duten batean, Mont Blanceko katea dut begien aurrean ikusgai, aintzira batean isla. Lau glaziar ikusten ditut era batera, Mendebaldeko Europako mendirik garaienaren katean arrail. Paradisua lurrean; itzal bat zitzaidan falta. Bake moduko bat. Orduek aurrera egin ahala, gaua mila izarreko hotelean pasako dudalako pentsakizunak gorputzean hotzikara eragiten dit. Baina «chi va piano, va sano e va lontano», eta markatutako ibilbidearen jaitsiera garaiz burutu eta salbu naiz aurreneko egunetako nire beheko kanpamentuan, Les Pelerinseko gazte aterpetxean.

Gainerakoan, Mont Blanceko Ultra Trailen (Ultra-Trail du Mont-Blanc, UTMB) laguntzaileen artean nago. Zazpi egunez. Gau eta egun; ordutegirik ez. Kafea lagun. Gainerako laguntzaileak lagun.

Datu gehiagoz jabetzearen garrantziaz

Petite Trotte à Léon (PTL) du izena oro har UTMB deritzon ekitaldiaren barruan ospatzen diren lau lasterketetako batek. Luzeena da, taldean egin beharrekoa; etapak, jana eta edana, nekea eta atsedena, mina, logura norberak kudeatzen ditu. Oinak eta eskuak, babaz beterik; gerria, belaunak eta orkatilak, txikituta; aldean, lehortutako arropa; kanpoko laguntzarik ez, aldean ezinbestekoa soilik. Mapak eta GPSa lagun espazio infinituan kokatzeko. Eta irrati baliza guk jarraitu ahal izateko. 300 kilometrotik gora, 138 ordu gehienez ibilbidea osatzeko. Ia sei egun, alegia.

Gaztetasuna eta zahartasuna. Hala du izena gustuko dudan beste abesti batek. PTLko laguntzaile taldea osatzen dugunok halako nahasketa dugu; sasoia eta esperientzia bat eginda.

Lasterketa abiatu artean badugu zereginik. Aurrena, bilera. Azalpenak emateko unea, taldea antolatzeko unea. Taldea baino gehiago, familia. Zazpi egunez elkarrekin; goizaldean esna, kafe egin berriaren usaina, autoan elkarrekin igaro beharreko orduak, ibilbideko postuetan gauak, korrikalarien segurtasuna ziurtatu nahirik, ibilbidearen berri ematen saiatuz.

Lasterkariekiko aurreneko harremana zenbakien banaketa da. Ezusteko eta enkontru polit bat du hasierak niretzat: lau euskaldun daude lasterketan. 53. taldean bat dago, eta 14. taldea euskaldunez soilik eratuta dago. Lasaiago hitz egiteko parada; egunotan euskara ez ahazteko aukera. Zorte on denei.

Esnatzean datza gakoa

Lasterketa gaueko 22:00etan da abiatua. Irteera hunkigarria izan da. Gauaren argitan Cham. Lasterkarien kopeteko argiek kutsu berezia ematen diote uneari. Argiak eta bildu den jendetzak. Lasterkarien aurpegietan hastera doan abenturak eragindako zirrara bistakoa da. Hotz dago Chamonixen. Hotz, baina bero.

04:00etan lasterketaren kontrol postu nagusian txanda daukat. Goizeko 10:00ak arte. Aurreneko orduetan lasterkariak taldean doaz. Orduak ez dira luze egiten. Oheratzeko gogorik ez, eta kontrol postuan ematen dut kasik egun osoa. Hurrengo egunean goizeko lauretan Italiarantz partituko garela jakinik.

Denboraren nozioa galdua dugu jada. Ez dakigu asteko zein egun den, ez atzo edo herenegun egin genuen hura, noiz hasi ginen honetan edo beste horretan.

Biharamunerako furgoneta kargatu beharra dago korrikalarien zakuekin. 300 kilometroetan leku bitan eskaintzen die antolakuntzak aldatzeko eta dutxatzeko aukera. Horietako bat Morgex da, Italian. Ordu eta erdiko loa kontrol postuan egin, eta Mont-Blanceko tunela zeharkatuz herrialdez, jendez eta hizkuntzaz aldatzen dugu.

Eguerdi aurretik heltzen dira aurreneko lasterkariak, bero saparen gorenean. Senide batzuk esperoan. Kalkulatutako orduan heltzen ikusi ezean, kezka aurpegiak ageri dira. Baina goiz edo berandu, denek dute bidea aurkitzen. Arratsaldeak euria dakar. Korrikalari askok euritan eta ilunpetan igaroko dute gaua, ilargiaren eta kopeteko argien argitan, Italiatik Suitzara pasatzeko asmoz.

Gauez heldu Italiara, eta gauez alde egin. Gauerdian bueltan gara Chamonixeko gure kontrol postuan. Kamioia deskargatu, eta lasterketa nola doan ikusita, oheratzeko ordua da. Ez dakit zenbat lo dudan atzeratua; ez eta zenbat ordu pasa diren lasterketa hasi zenetik; «bihar arte»esateak ez du zentzurik; «gero arte» batez ordezkatzen dugu.

Izan ere, «gero»Suitzara bidea egin behar dugu. Zerua ilunduz doa. Aurreneko euri tantekin batera sekula ahaztuko ez dudan irudi bat: ostadarra Martigny gainean, Valais haran kantoiaren begiratoki pribilegiatu den Col de la Forclazeko jaitsieran. Harana, espazioa alde batera, Rhône ibaia erdian, mahastiak mendi kontran. Udazkenaren eragina nabaritzen hasia da ingurua; hostoen kolorean berdea horixkari uzten ari da leku; gauez hotza da nabari.

Euri jasa indartsuak iragarri dituzte ostiral arratsalderako, elurra 1.800 metrotatik gora. TDS eta CCCn ibilbide alternatiboak martxan jarriak dira. UTMBren irteera atzeratzea erabaki dute. Laguntzaileek badute nahikoa lan.

Gure kanpaleku bihurtu dugun Les Marecottesen aurreneko lasterkariak goiztiarrak dira; ekaitzetik libratuko dira. Gainerakoak desbideratzea besterik ez zaigu geratzen pasabide konprometituenetan eguraldi eskasak harrapa ez ditzan.

Ordu biko txandak egiten ditugu goizaldean. Aurrenekoa eta goizaldeko lauretatik aurrerakoa egokitu zaizkit. Goizaldeko lauretan esna egotea aste honetan usadio bihurtu balitz legez. Gau itxia da. Urrunean, haranean, trumoiak eta tximistak. Egunsentirantz, eguzkiak kolore gorrixkaz margotzen ditu ekaitzaren hodeiak. Tximistak etengabe gertatzen dira. Ez dakit ekaitz perfektua den —ordurako gurean atertu egin baitu—, baina bai sekula ikusi dudan eguraldi gertakari politenetakoa. Ahaztezina.

Funtzioa ixtera doa

Ia 48 ordu dira Les Marecottesen gaudela. Azken korrikalariak pasa zain gaude. Aurrenekoak igaro zirenetik 35 ordu igaro dira; 100 kilometro egiteko behar besteko denbora.

Chamonixera bidean dira denak. Guretzat ere hara bueltatzeko ordua da. Baina 2011ko PTL lasterketak laguntzaileentzat ere eduki du zailtasun eta ezustekorik gordeta. Baita Les Marecottes zoragarrian gauden hirukotearentzat ere. Egun biz ez gara aldendu logela, autoa eta otorduak egiteko erabilitako taberna dauden 100 metroko lerrotik. Eta autoko giltza falta dugu. Chamonixen bizi den laguntzaileetako batena da autoa, eta, hortaz, bigarren giltza jokoa eskuratzeko aukera dago. Trena hartu, eta Chamonixera goaz, arroila ikusgarriak bidean.

UTMBn buruan diren lasterkariak hegan doaz Chamonixerantz. Trenak ibilbidea zeharkatu du; jendetza alde banatan. Ez da korrikalaririk ageri, baina oihuek ez digute uzten esaten lasterketa non den; pasatu diren ala ez, ikusten diren ala ez.

Helmugarako bidea presaz egin dugu; ez dira oraindik heldu. Aurreneko PTL Finisher horiek zortea dute. Edo agian ez. Jendetza dago espaloietan, baina UTMBko aurreneko korrikalariak orduantxe espero direlako. PTLko korrikalariak tartekatzean, helmugan jendeak txalo lotsatiak baino ez dizkie eskaintzen. Eta PTLko korrikalariak, barkamena eskatuz bezala, helmugaratzeaz behar bezala gozatzeko aukera apenas dutelarik, jendartean ezkutatzera behartzen ditu UTMBren helduerak. Handik lasterrean Kilian agertu da, hirugarrenez garaile UTMBn. Eta bigarren euskaldun bat, Iker Karrera, Zigor Iturrietaren iazko hirugarren postua hobetuz.

UTMBko momentu berezi hori bertatik bertara ikusi ondoren, PTLk gure atentzioa eskatu du berriz ere. Gaur ere orduren bat edo beste pasatu dut kontrol postuan, txanda daukatenei konpainia eginez, kafea prestatuz besterik ez bada ere.

Gero arte besterik ez da hau

Igandea dena batzeko eguna da. UTMBn goizaldean heldu da aurreneko emakumea —bigarren Nerea Martinez nafarra izanda—. Gainerako korrikalarientzat goizaldean heltzea latza da, kaleak mortu hotz baitira.

Egunsentiarekin batera, jendeak, ezkutalekuetatik irten eta nagiak ateraz, eguzkiak egindako itzaletara jotzen du.

PTLko euskaldunak eguerdi partera espero dira. Batera datoz, talde lasterketaren espiritua mantenduz. 53. taldeak eguerdi inguruan gurutzatu du helmuga; hiru bat ordu beranduago 14.ak. Besarkadak, poza, malkoren bat agian. Ametsa bete izanaren gogobetetzea.

Podiumaren garaia iritsi da. PTLren txanda. Lasterketa berezia izaki, laguntzaileok badugu tarterik podiumean, eta lasterkariekin batera momentu berezia eskaini diogu elkarri. Zazpi egunez haien babesle, zazpi egunez haiek gure izatearen arrazoi.

Lana bukatu da, eta PTLko familiak gure aldetik ospatu dugu amaiera. Astebetez egon gara Leonen talaiatik nekeari so. Adiorik ez.

Biharamunean Suitzan barrena doa nire trena, eta beharrezko tren aldaketak lankide ohiak agurtzeko parada eskaini dit. Abisatu bako bisita. Ezusteko polita haientzat eta oroitzapen are politagoa niretzat.

Egun osoa dut aurretik trenean. Bueltan oroitzapenek iltzatuta diraute nire baitan. Asteko zein egun den galdetu dut heltzean, ea hurrengo kontrol postura zein ordutan abiatu behar dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.