Mendi lasterketen egutegiak gainezka egin du, eta asteburu berean lasterketak pilatu dira. Igandean, Euskadiko Txapelketa jokatu zen, Orozkon (Bizkaia), eta Espainiakoa Cañon do Silen (Ourense, Galizia). Aiako Harriko maratoi erdia eta Apuko ultratraila ere jokatu ziren asteburuan. Hainbesteko eskaintza izanda, aukeratu egin behar izaten dute lasterkariek, eta horrek ezinbestean eragiten dio lasterketen mailari eta lehiakortasunari.
Orozkon, Walter Becerrak eta Oihana Azkorbebeitiak erraz irabazi zuten Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatutako Euskadiko Txapelketa. Aurkaririk ez zuten izan, aurkari izaten dituzten lasterkari gehienak ez zirelako Orozkora joan. Ia 28 kilometroko ibilbidea prestatu zuten Itxinape mendi elkarteko kideek, Gorbeiako Natur Parkean. Gorbeia mendira ez ziren igo 180 parte hartzaileak, baina bai Kolometa, Belangobuelta, Ipergorta eta Oderiaga mendietara. Beteranoen mailako txapelak Yolanda Gurendezek eta Jesus Mari Perurenak jantzi zituzten, eta kadete mailakoak Leire Fernandezek eta Gaizka Fuentesek.
Cañon do Sileko proban, Oihana Kortazarrek irabazi zuen Espainiako Txapelketa. EMFk hauspotutako selekzioa bigarren sailkatu zen taldeka. Gizonezkoetan, Imanol Goñi eta Jabi Olabarria 7. eta 9. helmugaratu ziren, hurrenez hurren, eta emakumeen artean, Nerea Amilibia, Elena Calvillo eta Aitziber Ibarbia 6., 7. eta 8. postuetan.
Aiako Harria eta Apuko traila
Irungo Erlaitz elkarteak bigarren urtez antolatu du Aiako Harriko maratoi erdia. Igandean jokatu zen hori ere, eta Didier Zagok eta Ana Condek irabazi zuten.
Aipatu hiru lasterketen atariko, ostiraletik larunbata bitartean Apuko ultratraila jokatu zen. Iraupen luzeko lasterketa izan zen, 80 kilometro pasakoa, eta Pedro Etxeberria eta Leire Elosegi izan ziren azkarrenak. Elosegik lehenengoultratrail zuen.
Biharko eta etziko ere badira: Zarauzko Pagoetako igoera eta Azpeitiko Lagun Onak-en Izarraizko maratoi erdia jokatuko dira igandean, eta Kanpezuko mendi lasterketa bihar.
Mendia
Becerrak eta Azkorbebeitiak irabazi dute EMFren txapelketa
Oihana Kortazar izan da azkarrena Espainiakoan, eta Imanol Goñi eta Jabi Olabarria 7. eta 9. postuetan sailkatu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu