Beriain igotzeko 115 era

Liluratuta dauka Beriain mendiak Andoni Barbarin mendizale lizarratarra, erabat. Iaz, adibidez, 115 aldiz egin zuen igoera bera. Aldi bakoitza ezberdina dela dio, hala ere.

Andoni Barbarin mendizalea Beriaingo muinoan, bertan dagoen ermita atzean duela. Hamaika aldiz izan da han. ANDONI BARBARIN.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Zangoetan itsatsita darama Beriain mendia Andoni Barbarin mendizaleak (Lizarra, 1953). Xehetasun guztiak ezagutzen dizkio: urtaro, eguraldi eta aldaera denak. 19 urterekin igo zuen lehenengoz, eta geroztik ez du sekula utzi. Erabat liluratuta dauka Sakanako mendi horrek. Behin eta berriz jotzen du muino berera, baina ez da sekula ase. Lehenago ere hamaika aldiz igo zuen, baina 2005ean hasi zuen kontaketa. Dioenez, urtean 70 bat aldiz igotzen du, erraz.

Iaz hautsi zuen marka: 115 bider izan zen Beriaingo kaskoan. Mendiak ez du sekula aspertu; sekula aspertu ez ote duen galdetzen dion jendeak, agian, pixka bat gehiago. «Aurreko igandean elurteagatik ezin izan nuen igo, eta beste ibilbide bat egin behar izan nuen. Etxera heldu nintzenean, Beriainera ez igo izanaren falta sumatu nuen».

Dena omen du alde. «Ez da igoera luzea, baina bai bizia. Euskal Herriko erdigune geografikoa ere ez du urrun, eta aukera ugari eskaintzen ditu, gainera. Hainbat bide badaude muinora heltzeko». Ihurbaingo arrakalakoa du berak maiteena. «Lizarragako tuneletik begiratuta, sarbiderik gabeko horma bat dirudi. Ikusgarria da. Ni neu txikia naiz, baina arrakalako bi hormen artean are txikiago ikusten dut neure burua». Eguraldi ona egiten duenean dantzan igo ahal izateko beste ezagutzen du xenda hori, baina dioenez, mendian ez da komeni gehiegizko konfiantzarik. «Bide horretan ez aurrera ez atzera gelditu den jendea ikusi dut. Egunaren arabera asko aldatzen da bidea. Euriarekin, adibidez, asko zailtzen da harriei heldu ahal izatea, eta kontuz ibili beharra dago».

Ideiak ordenatzeko

Lainopean, eguzkitsu, elurtuta, hotz... Beriainen aurpegi guztiak ezagutuko ditu honezkero Barbarinek. Denak gustatzen zaizkio, salbuespenik gabe, eta ezin bakar bat hautatu. «Inor ez dagoenean paraje ederra izaten da, eta jendea dagoenean ere hizketarako aukera izaten dut. Urtaro guztiak dira ederrak». Sakana osoa lainoak hartuta dagoenean ikusitako fenomeno berezi bat nabarmentzen du, hala ere. «Eguzkia atzean duzunean, halako ortzadar zirkular moduko bat ikusten duzu zure aurrean, eta baita zure figuraren itzala ere haren erdi-erdian. Broken espektroa esaten zaio, eta ikusgarria da».

Sindikalista da Barbarin, eta beroki gorrixkarekin ageri den argazkia nahi du artikulua laguntzeko. «Egon behar du oraindik gorria den zerbait, ezta? Anoraka bada ere!». Umoretsu mintzo da, baina aitortzen du garai zailak direla. Nabarmena da lan falta, dioenez. «Dena da kaleratze, dena da itxiera txosten...». Horri aurre egiten ere laguntzen omen dio mendiak. «Beste bat naiz han nagoenean. Naturarekin kontaktuan nagoenean sekulako energia hartzen dut. Ni neu izan naiz langabezian inoiz, eta mendira joateak burua lasaitzen eta ideiak ordenatzen laguntzen dit. Pentsa orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.