Ezohiko eskalada gida kaleratu du Xabier Larretxeak (Hernani, 1963): Escaladas en el Pirineo Norte. Pirinioetara begira jarri da, mendikatearen ipar isurialdera, eta eskalada eskoletan nahiz goi mendian dauden bideen bilduma zabala osatu du. Hiru ezaugarri dituzte Larretxeak liburuan proposatutako eskaladek: bide luzeak dira, eskalatzaile gehienen mailara egokitutakoak eta ekipamendu modernoa dute. Pirinioetako 30 eskalada leku, 70 bide, 350 luze eta 12.000 metro ditu eskura eskalatzaileak.
Zer bildu duzu Escalada en el Pirineo Norte gidaliburuan?
Eskalatzaile bainoago, mendizalea naiz ni, eta nire eskalada maila arrunta da, apala. Halako gida baten falta izan dut beti, bide luzeak, errazak eta ongi ekipatuta daudenak biltzen dituen gidarik ez dagoelako. Ingurune eta eskola jakin batzuei buruzkoak badaude, baina horietan proposatzen diren bideetatik gutxi batzuk daude eskalatzaile gehienon eskura. Nik bestelako proposamen bat egin dut: inguru zabal bat hartu dut, Pirinioaren ipar isurialdea, eta hiru baldintza horiek betetzen dituzten bideak bildu ditut.
Zergatik jo duzu Pirinioetako ipar isurialdera?
Irakaslea naiz eta uda izaten dut oporretarako eta eskaladarako garairik ohikoena. Pirinioetako ipar isurialdea hegoaldea baino freskoagoa da udan, eta eskalatzeko baldintza egokiak ditu.
Guztira 70 proposamen bildu dituzu. Zer informazio dakar bakoitzak?
Bidea nondik doan azaltzen duen argazki bana sartu dut, eta bide bakoitzaren krokisa. Deskribapen xume bat ere egin dut: dauden seguruak, zer material behar den, luze bakoitza nolakoa den... Bide gehienak 3 eta 18 luze artekoak dira, eta ez dute gainditzen 5c zailtasuna.
Eskalada eskoletan daude bideetako batzuk; goi mendian beste batzuk. Zergatik uztarketa hori?
Eskalatzailea eta mendizalea naizelako izango da akaso. Frantzian badira mendi garaietan bideak ireki eta prestatzen dituzten eskalatzaileak; bide erakargarriak dira horiek, inguru ederrean daudelako. Espijeoles mendiko tontorretik gertu bukatzen da bideetako bat, hiru mila metrora.
Eskalada klasikoari ez diozu tarterik egin?
Ez naiz sartu eskalada klasikoan. Bide klasiko gehienak ez daude prestatuta, eta materiala erabiltzen jakin behar da. Horiek ez dira sartzen bilatu ditudan ezaugarrietan.
Mendebaldetik hasi eta ekialderako noranzkoa hartu duzu. Zer alde dago Kantauritik gertuko bideen eta Mediterraneoa gertu dutenen artean?
Kantauritik gertu kare haitza da ohikoena, eta ez dira izaten oso bide luzeak. Pirinioen erdialdera iristen garenean, granitoa edo gneis harria izaten da ohikoena, eta mendiko bideak dira; bide luzeagoak, 15 edo 18 luzetakoak. Mediterraneoa gerturatu ahala kare haitza nagusitzen da ostera, baina eskalada desberdina da.
Euskal Herriko eskalada bakarra sartu duzu: Argibel. Ez al dago hiru ezaugarriak biltzen dituen besterik?
Zuberoa eta Biarno arteko mugan dago Argibel, eta horixe hartu dut gidaren abiapuntutzat. Mendebalderago Lapurdin badira eskalada eskolak, baina bide motzak dituzte. Luze bakarrekoak dira gehienak edo boulder eskaladakoak; Sarakoa, esaterako. Hiru luze edo gehiagoko biderik ez dut topatu nik Argibelera iritsi arte.
Nondik jaso duzu bideen inguruko informazioa?
Bideetako batzuk aurrez eskalatu nituen, eta beste askoren erreferentzia liburuetatik eta Interneten arakatuz jaso dut. Sarean eta liburuetan informazioa egon badago, baina oso modu sakabanatuan. Nik biltzeko saioa egin dut; ehun bide bildu nahi nituen, baina bost urteko lanaren ondoren 70 eskaladatan utzi dut.
Norentzat da gida erabilgarria?
Eskalada gustatzen zaion ororentzat. Eskalatzaile on-onei proposamenetako batzuk gustatuko zaizkie, leku ederretan daudelako. Bide luzeetan murgildu nahi dutenentzat gida egokia da, hornikuntza modernoa dutelako bideek, eta horrek arriskua nolabait gutxitu egiten duelako. Bide luzeetan hasi nahi dutenentzat ere liburu egokia dela iruditzen zait.
Proposamenetako batzuk nabarmendu beharko bazenitu...
Bideak bainoago, lekuak eta inguruak nabarmenduko nituzke.Espijeoleskoa aipatu dut aurrez, goi mendian dagoelako. Donezanen dauden bi bide ere gomendatuko nituzke; izei baso batetik iritsi behar da eskalada eremura, eta bide egingarriak dira. Ekialdeen dagoen eskola ere nabarmenduko nuke, Vringrau, eskalatzeko aukera asko ematen duelako. Dent d'Orlu ezaguna eta Larribet aterpetxetik gertu Balaitous mendiaren altzoan dauden bideak ere gozatzekoak dira.
Mendia. Xabier Larretxea. Eskalatzailea
«Bide luzeak eskalatzen hasteko, gida egokia da»
Pirinioetako ipar isurialdeko eskalada bideak bildu ditu 'Escalada en el Pirineo Norte' liburuan. Hiru ezaugarri dituzte Larretxeak proposatutako eskaladek: luzeak dira, errazak eta ongi prestatutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu