Cavalls del Vent lasterketa ikusgarria bezain lehiatua izan da. Cadi Moxeiroko parke naturalean (Herrialde Katalanak) jokatu zen lasterketa hori, joan den asteburuan, eta Anton Kropicka estatubatuarra eta Kilian Jornet kataluniarra izan ziren protagonistak; azkenean, Jornetek irabazi zuen. Hotza eta euria nagusi izan ziren jardunaldi osoan.
Eguraldia oso kaskarra izan zen, eta lehen hiru postuetarako hautagai ziren batzuek hipotermiak jota lasterketa utzi behar izan zuten: Tofol Castanyerrek eta Miguel Herasek, esaterako.
Castanyerrek berak, Jornetekin batera, lasterketaren lehen zatian burua hartu zuen. Lehen lau kontrol guneetara iristen aurrenekoak izan ziren, baina Krupickari ez zitzaion asko kostatu horiek harrapatzea. Ondoren, eguraldi txarraren ondorioz, lasterketa utzi behar izan zuen Castanyerrek.
Jornet eta Krupicka gelditu ziren, beraz, garaipena lortzeko borrokaldian. Kataluniarra sei minuturen aldea izatera ere iritsi zen. Krupickak harrapatu egin zuen, ordea. Elkarrekin bi orduz lasterka egin ondoren, azken aldapan gailendu zen kataluniarra.
Oso igoera teknikoa zen azken hori, harri kozkorrez jositakoa. Euria zela-eta ur kantitate handia jaisten zen goitik behera, gainera. Jornetek erritmoa bizitu zuen, eta Krupicka indarrik gabe geratu zen. Azkenean, zazpi minututik gorako aldea atera zion kataluniarrak estatubatuarrari, etxekoen aurrean indartsuago zegoela erakutsiz.
Marka berria ezarri zuen: 08:42 ordu. «Oso egoera fisiko onean iritsi naiz lasterketara, baina hotzak asko sufriarazi digu lasterkarioi. Bagenekien euria izango genuela, baina ez genituen espero hain tenperatura baxuak, inola ere ez», adierazi du Jornetek. «40. kilometrotik Krupickarekin egin dut lasterka; lagun ona dut, eta oso lasterketa ona egin duela uste dut, lesioak direla medio bi urtez egon baita geldirik». Dakota Jones estatubatuarrak bete zuen podiumaren azken koxka.
Gizonezkoen lasterketa ikusgarria izan zen, eta emakumezkoak ere ez ziren atzean gelditu. Nuria Picas izan zen garaile. Korrikalariak elkarrengandik oso gertu ibili ziren lasterketa osoan, lehia estuan. Anna Frost izan zen bigarren, eta Emelie Forsberg hirugarren.
Forsberg suediarrak hartu zuen lasterketaren lidergoa lehen zatian. Oso azkar irten zen, eta bakarrik joan zen aurrera erritmo handia markatuz. Frostek eta Picasek, Transvulcania lasterketan bezala, elkarrekin ekin zioten lanari. Lasterketaren azken tartean harrapatu zuten Forsberg, baina ez zuten atzean utzi. Hiru emakumeak elkarrengandik oso gertu iritsi ziren helmugara.
Lasterkari bat hil zen
Lasterkari baten heriotzak sari banaketa bertan behera utzi zuen, festa izango zena omenaldi hunkigarri bihurtuz.
Teresa Farrio 50. kilometro inguruan zihoan ondoezik sentitu zenean. Inguruko korrikalariak, egoeraz jabetu, eta antolakuntzari abisua eman zioten. Larrialdi zerbitzuak segituan bertaratu ziren, eta Farriol egonkortzea lortu zuten. Ospitalera eraman zuten, eta bertan artatu arren, ordu gutxi barru zendu zen.
Antolakuntzak adierazi zuen bazekitela baldintza gogorrak zirela, baina, ekaitza elektrikoen arriskurik ez zegoenez, proba aurrera eramatea erabaki zuten. «Bagenekien korrikalari askok utziko zutela proba erdibidean; horregatik, horiek artatzeko lagun taldeak hirukoiztu egin genituen», aitortu dute. 896 parte hartzailek hasi zuten lasterketa; baina horietatik 223 iritsi ziren, soilik, helmugara. Cavalls del Vent lasterketako laugarren aldiak utzi du kanpoan, nabarmen, korrikalari gehien.
Mendia
Cavalls del Vent lasterketan, Jornet garaile
Anton Krupickak ezin izan dio eutsi Kilian Jorneten erritmoari Cavalls del Venten azken aldapa gogorrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu